«Donostiarrok lehen pertsonan bizi izan dugu Osakidetzaren gainbehera»
1) Zer dauka Donostiak jokoan hauteskunde hauetan?
Asko hitz egiten da “marco incomparableaz“. Eta badago politika egiteko modu bat, postal horri erantzuten diona. Postal horren atzean badago, ordea, beste errealitate bat. Loiolan bizi naiz ni, eta Loiola bezalako auzoetan oso presente dago. Postal eder horretaz harago, politika ulertzeko eta egiteko eredu konkretu batek eraman gaitu postalaren B alde gero eta gordinago batera. Ikusten ari gara nola etxebizitzaren kontua izugarria izaten ari den, desplazatuak izaten ari gara gure herritik eta gure auzoetatik. Ezin dugu normalizatu 1.000 eurotik gorako alokairuak izatea, edo Loiola bezalako auzo batean etxebizitza promozio berri bat egin eta milioi erdiko etxebizitzak egitea, jardina, igerilekua eta guzti. Horrek auzotarrak kanporatzen ditu.
Hauteskunde hauetan aldaketa baten beharra eta gauzak beste modu batera egiteko aukera daude jokoan. Hori da herritarrek aukeratu behar dutena, betikoa egiten jarraitu eta postalaren beste alde horretan geratu, ala epe motzeko interes eta interes alderdikoiak utzi, gutxi batzuen interesak erdigunean jartzen dituen politikak utzi, eta herritarrak eta hauen behar eta desirak erdigunean jarriko dituzten politikak martxan jarri.
2) Etxebizitzan, Donostia tentsio handiko eremu gisa izendatzeko lan egingo duzue?
Dudarik gabe, uste dugu Donostia tentsio handiko hiri izendatzeko lanak gauzatu egin behar direla, eta EH Bildu horretan dabil lanean udalean. Espainiako eta Euskadiko Etxebizitza Legeek eskaintzen dituzten instrumentu guztiak aktibatu behar dira, helburu oso jakin batekin: etxebizitza eskubidea bermatzea herritarrei.
Donostia tentsio handiko hiria izendatzeak ahalbidetzen du alokairuen prezioari muga bat jartzea, eta gu horren aldekoak gara, oso era argian. Horrek ahalbidetzen du Jaurlaritzak erreferentziazko prezioen indize bat jartzea. Egun, ez da egiten borondate politiko kontu bat delako, Jaurlaritzan dauden alderdiek ez dutelako nahi.
Etxebizitza eskubidea gauzatzeko badago beste lan ildo bat. Alokairuaren mugarekin batera, beharrezkoa dugu parke publikoa handitzea: martxan jartzen diren promozio guztietan, etxebizitza babestuen portzentaia legez ezarria dagoen minimo horietatik harago, ahal den maximora eraman behar dugu, eta, adibidez, Loiolako Kuarteletako promozioan hor ezarri den etxebizitza babestu kopurua da legeak ezarri duen minimoa. Guk uste dugu hor aukera oso indartsua dagoela parke publikoa handitzeko, eta aukera horiek handitu egin behar direla.
3) Turismoaren gaiarekin, udaleko alderdi guztiak ados daude Donostian goia jotzear dagoela. Eusko Jaurlaritzatik zer egin daiteke Donostiako turismoa erregulatzeko?
Ukaezina da Donostian arazo handia dugula turismoarekin, eta herritarrek honela adierazten dute. Turismoa, beste gauzen moduan, gobernatu egin behar da. Plaza turistikoko kopurua murriztu egin behar da. Pisu turistikoentzat ezin da baimen gehiagorik eman, eta inspekzioak areagotu egin behar dira, badakigulako etxebizitza turistiko asko era irregularrean ari direla. Horrekin batera, itzuli behar gara etxebizitza turistikoak lehen solairura mugatzeko aukerara eta bloke bakoitzeko etxebizitza bakarrera. Guk Jaurlaritzatik egin nahi dugu hau.
Udalekin elkarlanean, hotelen plazari muga jarri behar diogu. Moratoria bat dago orain indarrean, eta guk uste dugu moratoria hori mantendu egin behar dela, baina salbuespenik gabe. Zona aseak izendatu diren horiek zabaldu egin behar dira, eta ez mugatzea Parte Zaharrera, Grosera eta Erdialdera.
4) Osakidetza. Zer proposatzen du zure alderdiak Osakidetza hobetzeko? Donostian zer eragina izango luke?
Donostian oso erraza da Osakidetzaren gaia lurreratzea, zeren donostiarrok lehen pertsonan bizi izan dugu Osakidetzaren gainbehera. Donostiarroi asko kostatzen zaigu zita bat lortzea, ikusi dugu arreta guneetan medikuen falta. Jaurlaritzak Osakidetza gobernatzeko duen eredu bertikalaren adibiderik gordinena Donostian gertatu zen, Donostialdeko ESIaren krisian; Onkologikoaren desegitea bizi izan dugu gure hirian; eta azkena izan da, nola ireki den, kanpaina hasieraren bezperatan, korrika eta presaka, Parte Zaharreko anbulatorioa. 900 metro koadro izan behar zituen solairu bat aurreikusten zen, eta 290 izango ditu orain, eta EAGa ez da kabituko bertan… Donostiarrok oso gertutik bizi izan dugu Osakidetzaren krisia.
Kanpainaren lehentasun handienetakoa da guretzat, eta Osakidetza zutik jarri behar dugu berriro. Osakidetza badelako politika, eta batez ere zerbitzu publikoak ulertzeko modu bat. Kalitatekoa den zerbitzu bat okertzen da hartzen diren erabaki txarrengatik eta planifikazio faltarengatik. Gobernantza eredu bertikal hori da aldatu behar dena: proposamen sorta oso zabala landu dugu profesionalekin batera, osasun arloko profesional horiek baitira osasunaz ondoen dakitenak, eta guk beraiekin, eta batez ere sindikatuekin, elkarrizketa berrartzea proposatzen dugu.
Kontratazio politika aldatu behar da, izan ere, egun ez da erakargarria Osakidetzan lan egitea. Profesionalek bizi duten behin-behinekotasun tasa izugarria da. Horretaz gain, OPE batzuetara aurkeztu behar izan dira orain, aurrekoak ebatzi ez direlako. Lehen Arreta profesionalentzako berriz ere erakargarria izatea lortu behar dugu, eta herritarrok gure medikuarekin genuen gertuko hartu-eman hori berreskuratzea.
Donostiari begira, Onkologikoari dagokionean, erreferentziazko zentro publikoa izatea nahi dugu eta bereziki, emakumezkoen minbizian.
5) Donostiaren proiektu estrategikoa da Zientziaren Hiri gisa garatzea, batez ere Eskusaitzeta eta Miramongo industriaguneetan. Eusko Jaurlaritzatik nola sustatuko duzue honakoa?
Zientziaren Hiriaz hitz egiten denean, beti hitz egiten da bi zona horiez. Donostian badaude auzo batzuk beharko luketenak bestelako motor ekonomiko bat, erakargarritasuna eta biziberritzea behar dutenak. Zientziarekin loturiko proiektuak eraman daitezke beste auzo batzuetara, auzo horiei bestelako bizi bat eskainiz: Altzan, Larratxon, Martutenen… Zientziaren hiria poligonoez aparte pentsatu behar da, eta eraberritzea behar duten auzoetarako motor ekonomiko izan behar dira.
6) Segurtasunaren inguruan, zer proposamen dituzue? Egian komisaria mistoa egitearen alde zaudete?
Poliziaren ereduaren eztabaida zabaldu beharra dago. Donostian bertan, azken asteotan ikusi dugu: PSGren azken partidan bi pertsona larriki zauritu zituzten, edo aurretik, finalaurrekotan, Reala jasotzen ari ziren zaleen aurkako kargak izan zituzten. Ezinbestekoa da hausnarketa hori egitea: bestelako Polizia eredu bat behar dugu, Polizia demokratikoa izango dena.
Donostian dagoen egoeraren inguruan arazo ezberdinak daude. Kontu urbanistikoak eta dotazionalak nahasten dira. Udaltzaingoa eta Ertzaintza bi Polizia mota ezberdin dira, eta funtzio ezberdinak izan behar dituzte. Udaltzaingoa komunitatea zaindu behar duen Polizia izan behar da, gertukoa izango dena, binaka patruilatzen dutenak, auzoa ezagutzen dutenak… horrela irudikatzen dugu guk. Ertzaintza Polizia espezializatu bat da, beste funtzio batzuk dituena. Bakoitzak bere hornidura eta material propioak beharko ditu. Argi dago era koordinatuan egin behar dutela lana, baina zalantzagarria da komisaria misto horren beharra. Udaltzaingoaren sindikatuak berak esan du funtzio ezberdinak betetzen dituztela eta ez dela beharrezkoa.
7) Martuteneko Agustindarren eraikinerako zer proposatzen duzue? Zer egin, era berean, kale egoeran dauden herritarrekin?
Ni gizarte langilea naiz, eta politikan aritu aurretik hamazazpi urtez aritu naiz etxerik gabekoekin lanean. Uste dut etxerik gabekoen errealitatea gertutik ezagutzeak asko aldatzen duela. Lehenik eta behin, lortu beharko genuke gerturatze ariketa bat egitea; hori lortuz gero, imajinario asko hautsi egingo dira. Gora doan errealitate bat da, ezin da ukatu.
Donostiak baditu gizarte zerbitzuek ezartzen dituzten minimo asko, inguruko herrietan ez daudenak, baina badugu errealitate bat eta ez zaio erantzuten ari. Donostiak sinatu zuen etxerik gabekoen euskal estrategia, baina gero, ez du estrategia horrek markatzen zuen bidetik ezer egin.
Bestetik, eraikinak aukera asko irekitzen ditu. Zientziaren hiriaren kontzeptuaren barruan garatu daitezke, Basque Culinary Centerren egoitza, zergatik ez zen hemen egin? Beti ere bertakoekin hitz eginda, bertakoek dituzten beharrak ondo hitz eginda, eta bertakoekin proiektuak definituta eta adostuta.
Bi lan ildo: auzotarrekin adostu zer egin, batetik. Eta bestetik, hausnarketa sakonago bat behar da etxerik gabekoen egoeran, eta ezagutu behar da. Herritar talde batzuk badaude (KAS, SOS Arrazakeria…) izugarrizko lana egiten ari direnak. Eman behar da errealitate horien ezagutza bat, eta politika publikoetatik erantzuna eman.