Helburua lortzeko zaleen babesa behar du Ibaeta Basketek
Realeko bi futbol taldeek, berriz, urrezko hiru puntuak behar dituzte sentsazio onak berreskuratzeko.
Denboraldiko partida erabakigarriena jokatuko du Ibaeta Basketek bihar, Gaska kiroldegian (19:00). Ensino Lugo taldea izango dute aurkari, zortzigarren sailkatua. Donostiako taldea, berriz, zazpigarren tokian dago. Hain zuzen ere, azken jardunaldian erabakiko da zein taldek jokatuko dituzten titulurako kanporaketak. Sailkapeneko lehen zortziek izango dute horretarako aukera. Horrela, Ibaeta Basketek bai ala bai irabazi behar du zazpigarren postua ziurtatzeko. Galduz gero, eta atzeko taldeek irabazi, kanporaketarik gabe gera daitezke. Aldiz, gizonezkoen bigarren mailan, Gipuzkoa Basketek Estudiantesen aurkako porrota ahaztea izango du helburu. Illunben Betis hartuko dute etzi (18:00), eta irabazteko ezinbestekoa da goiko postuetan mantentzeko.
Futbolean, Realeko bi taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Gizonezkoek Getaferi egingo diote bisita etzi (14:00), eta Almeriaren kontrako berdinketa mingotsa ahaztu nahi izango dute. Arerio zaila izango dute parez pare, beraien etxean oso sendoak direlako. Emakumezkoak, berriz, Valentziaren aurka ariko dira etzi (16:00), eta hiru puntuak lortzeko beste aukera bat izango da.
Belar hockeyan, Realeko neskek sailkapen erditik gora begira jartzeko neurketa dute asteburuan. Etzi jokatuko dute Terrassaren pistan (12:30). Bestalde, Donostiako Atletikok azken jardunalditako irudi kaskarra atzean uzteko partida izango du etzi etxean, Terrassaren aurka (12:30).
Azkenik, igandean txirrindularitzako Zumy saria jokatuko da Egian. Junior mailako txirrindulari esanguratsuek parte hartuko dute, eta tartean izango da Donostialdea Bizikletan taldea. XXX. Gipuzkoa Klasikoaren bigarren etapa izango da, eta 10:20ean abiatuko da.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 30. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Ensino Lugo (apirilak 20, larunbata, 19:00)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 31. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Betis (apirilak 21, igandea, 18:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 32. jardunaldia
- Getafe – Reala (apirilak 21, igandea, 14:00)
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Valentzia – Reala (apirilak 21, igandea, 16:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Terrassa – Reala (apirilak 21, igandea, 12:30)
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Donostiako Atletiko – Terrassa (apirilak 21, igandea, 12:30)