«Immigrazio ilegalaren» kontra, 50 metroko Espainiako bandera zabaldu du Voxek Kontxan
Andres Paramio Eusko Legebiltzarrerako igandeko hauteskundeetako Voxeko Gipuzkoako zerrendaburuak 50 metroko Espainiako bandera bat jarri du Donostiako Kontxako hondartzan, hamar bat jarraitzaile eta alderdiko kideekin batera.
Paramiok hedabideei azaldu dienez, “bandera nazionalak askatasuna ordezkatzen du, Donostian Espainiaren presentzia ordezkatzen du, bandera honek immigrazio legalaren alde egiten du, hona lanera datorren immigrazio baten alde”.
Alderdi ultraeskuindarreko ordezkariaren ustez, “nazionalismoak immigrazio ilegala nahi du, immigrazio deskontrolatua, segurtasun falta totala, segurtasun falta mugetan, eta, noski, euskararen inposizioa”.
Hauteskundeen harira, hainbat izan dira alderdi ultraeskuindarrak egin dituen ekitaldi eta probokazioak. Eusko Legebiltzarrean ordezkari bakarra du alderdiak, eta Gipuzkoatik ez du ordezkari bakar bat ere lortu.