«Inkesten arabera, bi eredu daude jokoan: EH Bildurena eta gurea»
1) Zer dauka Donostiak jokoan hauteskunde hauetan?
Donostiak jokoan daukana bere etorkizuna da; etorkizuneko hiriaren diseinua elkarlan instituzionalaren eskutik garatu ahal izatea. Hiriak proiektu dezente dauzka beste erakundeekin elkarlanean garatzen ari direnak eta garatu beharko direnak, eta horiek errazteko, behar-beharrezkoa da erakunde arteko elkarrizketa eta komunikazio etengabea. Etxebizitzaren alorrean, adibidez, Loiolako kuartelen guneko hiri proiektua eta Urumeako ibarraren garapena. Loiolako Erriberan hasi eta Martutenerantz doan hiri eremua ondo diseinatu beharra dago, gainerako erakundeekin batera.
2) Etxebizitzan, Donostia tentsio handiko eremu gisa izendatzeko lan egingo duzue?
Garbi dago Donostian arazo bat dagoela, eta udala horretan ari da. Tentsio handiko eremu gisa izendatzeko beharrezko dokumentazioa prestatzen ari den lantalde bat dago, dokumentazio horrek etxebizitzaren merkatuari eta etxebizitzarako irisgarritasun mailei buruzko diagnostiko zehatza egiteaz gain, tentsio handiko eremu izendatzearekin lotutako plan berezi bat egin, eta Espainiako Etxebizitza Legeak eskatzen duen moduan, memoria zehaztu bat eskainiz.
Alokairuak mugatzeari dagokionez: bai, baina erabakia oso ondo pentsatu, eta kontuz hartu behar da. Sarri, gai honen inguruan, borondate onez hartutako neurri batzuk bilatzen duten onuraren aurka joan izan direlako. Garrantzitsua da, adibidez, Europan zehar neurri hau jartzeko orduan gertatu dena, edo Bartzelonan bertan, edo gurean ere gertatu dena, Espainiako Etxebizitza Legea onartu zenetik urtebetera. Alokairu eskaintza mugatu egin da, eta bestalde, prezioek gora egin dute. Beraz, kontrako efektua sortu da. Legea martxan jarri denetik, jende askok alokairuzko parketik kendu du bere etxea.
Gauzak egin behar dira? Bai, baina ondo eta zentzuz. Ikuspegi abertzalea mantendu behar dugu hemen, etxebizitzari buruz erabaki behar dugu, baina guk erabaki behar dugu, ez dizkiegu eskumenak besteei emango.
3) Turismoaren gaiarekin, udaleko alderdi guztiak ados daude Donostian goia jotzear dagoela. Eusko Jaurlaritzatik zer egin daiteke Donostiako turismoa erregulatzeko?
Turismoa zerbait positiboa izatea lortu behar dugu. Ez dugu isolatuta bizi nahi, eta inportantea da guretzat turismoa. Gauza negatiboak ere baditu, beraz, oreka bilatzea da gakoa. Kalitateko turismoa erakarri behar dugu, ezin dugu hau bihurtu turismo merkeko leku bat. Guk ez dugu hori nahi: jendeak etorri behar du, baina etorri behar du gastatzera eta ekonomia mugitzera.
Tasa turistikoarekin iritzi ezberdinak daude. Gure ustez, hiriak kanpotik datozenen ekarpenak izan behar ditu, hiriaren gastuei aurre egin ahal izateko. Gauza logikoa da Donostiarentzat, behintzat.
Ez dugu turismoa deabrutu behar. Turismoa da mundu mailako eta geldiezina den fenomeno bat. Horren aurrean ezin da ezer egin, jakin behar da kudeatzen. Goazen egoera horretaz probetxua ateratzea. Gero, gu geu ere beste toki batzuetara joaten gara, orduan hipokritak ezin gara izan.
4) Osakidetza. Zer proposatzen du zure alderdiak Osakidetza hobetzeko? Donostian zer eragina izango luke?
Orokorrean, Osakidetza lehen izan zenera itzultzea lortu behar dugu. Hasteko, lehen mailako arretako atentzioa eta irisgarritasuna hobetzeko eta itxaron zerrenda kirurgikoak murrizteko Talka Plana egingo dugu, Osakidetzako profesionalekin, orpoz orpo. Familia medikuak gehienez ere 48 orduko epean artatuko du edozein pertsona, eta itxaronaldi kirurgikoetako zerrendak bi hilabetetik behera murriztuko ditugu, batez beste, 50 eguneko helburura hurbilduz; horretarako, berrantolaketa eta behar diren langileen kontratazioa bultzatuko ditugu.
Egun, beste ohitura batzuk hartu dira pazienteen eta langileen aldetik, eta hori berrantolatu beharra dago: itzuli behar dugu eraginkorrak izatera. Zitak aurrez aurrekora itzuli behar dira, pandemiak behartuta, online eta telefono bidezkora jo dute zita askok, eta jendeak nahi du aurrez aurre egon bere medikuarekin.
Pertsonalaren politikekin loturik, urte luzeak daramatzagu borroka politiko, sindikal eta batzuetan profesionalean, eta kontuan izan behar dugu langileak ezinbesteko ardatza direla bikaintasunezko zerbitzua bermatzeko eta biztanleek halaxe sentitzeko. Elkarrizketa soziala jarriko dugu abian Osakidetzako eragileekin, eta ahaleginak eta bi egingo ditugu lan baldintzen akordioa berritzeko.
Azkenik, osasun mentala eta emozionala lehenetsiko ditugu. Ez gara kontziente zenbat gauza berri ari diren gertatzen gure gizartean eta horrek osasun mentalean duen eraginaz. Osasun sistema publikoaren bidez tresnak eta baliabideak eskaintzeko konpromisoa hartzen dugu, bereziki gazteentzat.
Donostiari dagokionean, azkenaldian, Aieteko eta Parte Zaharreko osasun zentroak egin dira. Abian dira, bestalde, ospitalea handitzeko proiektuak eta minbiziaren aurkako protoiterapiaren zentroaren lanak.
5) Donostiaren proiektu estrategikoa da Zientziaren Hiri gisa garatzea, batez ere Eskusaitzeta eta Miramongo industriaguneetan. Eusko Jaurlaritzatik nola sustatuko duzue honakoa?
Inkesten arabera, bi eredu daude jokoan: EH Bildurena eta gurea. Gure eredua da enpresak erakartzea, eta horretarako parkeak eraikitzea, hemen egoteko erraztasunak izan ditzaten. Azken hamarkadotan hori egin dugu. Besteek zer egingo duten? Misterio bat da. Miramongo Parke Teknologikoan dauden enpresak hor daude erraztasunak eman dizkiegulako. Beraiek ere, haien enpresa estrategiarako onuragarria dela ikusten dutelako.
Ezinbestekoa da aipatzea nola zegoen Donostia 2015 urtean Eneko Goiak gobernua hartzean. Donostian, langabezia %11,2koa zen, gaur egun, %5,9koa da. Hori ez da kasualitateen emaitza, apustu sendoen emaitza baizik. Eta horretan guztian, zientziara eta ezagutzara bideratutako politikak ezinbestekoak izan dira.
Gai honetan ere, erakunde arteko lankidetza behar.beharrezkoa da. Kontuan izan behar dugu, hirian egin diren zientziaren inguruko puntako apustu konkretuen aurka azaldu dela beti EH Bildu: Viralgen hirian ezartzearen aurka (500 enplegu sortu ditu eta bere atzetik Bayer enpresa handia dago), BCC eta orain GOe ezartzearen aurka…
6) Segurtasunaren inguruan, zer proposamen dituzue? Egian komisaria mistoa egitearen alde zaudete?
Egiako komisariarekin guztiz konprometituta gaude, uste dugulako momentu honetan beharrezkoa dela. Poliziaren presentzia inportantea da, Poliziaren presentziak segurtasun sentsazioa handitzen duelako. Polizia egonda, delituak gertatzea zailagoa da. Horregatik, Poliziak kalean egon behar du, jendearekin, eta ez kotxean sartuta, erdi ezkutatuta. Jendearekin egon, eta hitz egin, eta galdetu “zer arazo daukazu, zer gertatu da?”.
Herri honetan badakigu zer gertatu den Ertzaintzarekin, hainbat jarrera politiko Ertzaintzarekiko… Mentalitate hori aldatu behar dugu: Polizia dago laguntzeko. Polizia ez da kontra dagoen bat, zu zelatatzen. Ez. Hor dago, zuri laguntzeko, eta beti daukazu berarekin egotea. Eta ez soilik zu berarengana, baizik eta Polizia egotea integratuta gizartean. Hori da defendatzen dugun modeloa.
Ez gara inozenteak izan behar: segurtasun arazoak daude eta hainbat egoerei aurre egin behar zaie. Horretarako, Poliziak indarra erabili behar du. Eta hori edozein gizartetan gertatzen da. Ezin dugu Ertzaintzaren kontra egin, lagundu egin behar diegu. Poliziari ezin zaizkio eskuak lotu. Sinistu egin behar da Ertzaintzan, eta talde politiko batzuk jakin behar dute Ertzaintzak haien babesa ere behar duela. Nik uste dut iritsiko dela momenturen batean.
7) Martuteneko Agustindarren eraikinerako zer proposatzen duzue? Zer egin, era berean, kale egoeran dauden herritarrekin?
Agustindarren eraikina orain dela gutxi besterenganatzea lortu da, eta jabetza fundazio bati emango zaio gazteei zuzendutako lanbide hezkuntza proiektu bat garatzeko.
Bestalde, kale egoeran dauden pertsonentzako zerbitzuak eta programak handitzea planteatzen dugu, pertsona hauen gizarteratzean laguntzeko. Donostian, hain zuzen, HESTIA zentro berria eta Gizarte Harrerako Udal Zentroa irekiz. Bestalde, Otorduak programa indartzeko konpromisoa du Donostiako Udalak eta baita Norbere burua eta arropa garbitzeko zerbitzu programa pilotua abian jarriz.