«Tentsio handiko eremuak inon baino garrantzia handiagoa du Donostian»
1) Zer dauka Donostiak jokoan hauteskunde hauetan?
Hiritarren ordaintzen dituzten zerga guztietatik %96 euskal erakundeek kudeatzen dituzte, tartean, Eusko Jaurlaritzak. Garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak zer norabide hartuko duen. Konkretuki, Espainiako estatuko gobernuak eta udalak adostu zuten Loiolako kuartelen salerosketan jokoan dago Jaurlaritzatik ahalik eta etxebizitza babestu gehien sustatzea eta alokairuaren ereduari buelta emateko aukera irekitzen da.
Segurtasunaren arloan ere badago zer egina. Donostian modu arriskutsuan ari da hazten segurtasun faltaren sentsazioa. Datuak hor daude: nik uste dut azkeneko urteetan hazi egin direla kriminalitate modu desberdinak, eta Ertzaintzak benetan errekurtso material eta giza errekurtso gehiago beharko lituzkeela, baita Donostian ere, fenomeno guzti horiei aurre egiteko. Hezkuntzan eta beste hainbat arlotan Eusko Jaurlaritzak ditu eskumenak, eta beraz donostiarrek asko dute jokoan.
2) Etxebizitzan, Donostia tentsio handiko eremu gisa izendatzeko lan egingo duzue?
Tentsio handiko hiri izendatzea baimentzen digu Espainiako Etxebizitza Lege berriak. Oso kritikoak gara EAJk hartu duen jarrerarekin. Helegitea jarri dio legeari eta era berean, Donostiako alkateak, zonalde tentsiodunaren figura aintzat hartzen duela dio. Nik uste dut zentzuzkoa da legea aplikatzea, izan ere, Donostiak beti izan du arazoa etxebizitzarekin, arrazoi askorengatik, baina areagotu egin da modu arriskutsuan. Begiratu behar dugu, gainera, inguruan gertatzen dena. Errenteriara, Astigarragara, Hernanira, joaten ari da Donostiako gazteria, eta herri horiek arazo bera hasi dira izaten. Tentsio handiko eremuaren figurak inon baino garrantzia gehiago du Donostian.
Gu, Odon Elorzarekin geundenean eta Jaurlaritzan sailburu sozialistak izan ditugunean, beti saiatu gara etxebizitza publikoaren parkea handitzen. Donostiaren arazoetako bat da lurzoru gutxi edukitzea, baina baditugu, batetik, kuartelak, eta hor, Jaurlaritzak parte hartu beharko luke. Bi: Jaurlaritzak berak Topoa lurperatu nahi badu, Errondo inguruan beste zonalde bat geratuko da, eta eskumena Jaurlaritzarena izango da. Eta hiru: Txomiñeneako bigarren fasea posible izango da Zubietako kartzela eraiki, eta trasladoa egin ostean, Martuteneko kartzela eraistean.
3) Turismoaren gaiarekin, udaleko alderdi guztiak ados daude Donostian goia jotzear dagoela. Eusko Jaurlaritzatik zer egin daiteke Donostiako turismoa erregulatzeko?
Bi ikuspegi emango nituzke. Bata, jasangarritasuna. Turismoa ezin dugu bihurtu sektore harrapakari batean, non herritarron bizitza bigarren plano batean geratzen den. Eta horretarako tresna ezberdinak jarri behar ditugu. Tasa turistikoa ez da horretarako neurri bat. Ez du inolako disuasio-efekturik izango. Donostiara datorren turista batek badaki ordaindu egin beharko duela, eta beraz, euro bat, bi edo hiru gehiago ordaintzeak ez du eragin hori izango.
Jasangarritasuna sustatzeko, ni neu Gipuzkoako turismo diputatua nintzenean jarraitu nuen estrategia jarraitu behar dela uste dut. Alegia, Donostiak dituen soberakin turistikoak –eta baditu– ondo sakabanatu behar ditu lurraldean zehar. Horretarako, estrategia amankomunak behar ditugu erakundeen artean. Jendeak jakin behar du bai Hondarribian, Ordizian edo Zarautzen jan dezakeela pintxo on bat, eta Zurriolako hondartzaz harago, badirela beste hondartza interesgarri batzuk. Erakundeen arteko kooperazio handiagoa behar da, Donostiara datozenak ez daitezen Donostian egon une oro.
Bigarren ikuspegia, enplegua eta ekonomia. Donostiak ez lituzke izango egun dituen langabezi tasa baxuak ez balitz turismoarengatik. Turismoak badu gaitasuna bere gain hartzeko beste sektoreetan lan egiteko zailtasunak izango lituzketen hainbat pertsona. Batzuek analisian ahaztu egiten dute alde hori, baina bada hiriarentzako motor ekonomiko garrantzitsu bat.
4) Osakidetza. Zer proposatzen du zure alderdiak Osakidetza hobetzeko? Donostian zer eragina izango luke?
Lehen Arretaren inguruan dago arazorik handiena. Txomiñenean falta zaigu osasun etxe bat, eta udalak proposamena egina dio osasun sailari, lurzoru bat proposatuz. Intxaurrondoko osasun etxeari dagokionean, irisgarritasun arazoa du eta hobetu beharko litzateke. Hortik aurrera, Euskal Herrian Osakidetzak duen arazo berdina: pertsonala falta da. Nik badakit autonomi erkidego guztiek dutela pertsonal falta, baina guk proposatzen duguna da egiturazko plantilla 2.000 pertsona berrirekin asetzea.
Osakidetzak izan dituen krisietan, Donostialdeko ESIa izan da kaltetuenetako bat. Ikusi duguna da lidergo politikoek ez dutela behar adina elkarrizketa ireki. Komunikazio falta izugarria izan da, eta inposatu egin dira hainbat neurri, profesionalen iritzi eta irizpideak kontuan hartu gabe.
5) Donostiaren proiektu estrategikoa da Zientziaren Hiri gisa garatzea, batez ere Eskusaitzeta eta Miramongo industriaguneetan. Eusko Jaurlaritzatik nola sustatuko duzue honakoa?
Miramongo Parke Teknologikoa hazi egin beharko litzateke, aspalditik ez baitago lekurik enpresa berrientzat. Donostiaren fisionomi geografikoa ezagututa, donostiarren ongizatea eta Donostiaren loraldi ekonomikoa ez da bakarrik Donostiatik etorriko, lupa pixka bat altxa beharko genuke. Adibidez, Pasaiaren garapenean dauden aukera ekonomikoak garrantzitsuak dira Donostiarentzat. Gipuzkoa bizitzen ari den eraldaketa ekonomiko handiena gertatzen ari da bertan, eta Jaurlaritzak lidergoa hartu behar du hori ondo bideratzeko.
6) Segurtasunaren inguruan, zer proposamen dituzue? Poliziaren presentziak ez ditu delituak jaisten, baina hala ere komisaldegi berriak irekitzeko apustua du Jaurlaritzak. Egian komisaldegi mistoa egitearen alde zaudete?
Egiako komisariaren inguruan Donostiako Udal Gobernuak hainbat urrats eman ditu, Hiri Mantenurako PSEren zinegotzia parte hartzen ari da eskaini den zoru horren prestakuntzan Jaurlaritzak komisaria mistoa egin dezan. EH Bilduk, adibidez, planteatu du Ertzaintzak egun dituen disuasio-gaitasunak gutxitzea. Demokrazia batean biolentziaren monopolioa Poliziak dauka eta guk uste dugu horren esanahia dela Poliziak mantendu behar duela disuasio-gaitasun bat. Esan nahi du gaizkileek jakin dezatela Polizia bertan dagoela, eta Polizia prest dagoela edozein motatako ezbeharren aurrean.
Egian arazo bat badago eta ezin dugu beste albo batera begiratu, perspektiba ezkertiar batetatik badakigu behar horiek badutela oinarri sozial bat, baina horrek ez du esan nahi gaizkileek ordaindu behar ez dutenik. Estrategia ezberdinak plazaratu behar ditugu: Poliziaren presentzia bermatu —eta hor, komisaria berri bat ondo ikusten dugu—, eta bi, zerbitzu sozialek parte hartu behar dute hori ondo lantzeko, migrazioaren kasuan, integrazioaren ahalik eta gehien lantzeko.
Hortik aurrera, mezu orokor gisa, guk uste dugu Ertzaintzak baduela arazo bat, eta da Osakidetzak duenaren parekoa: planifikazio falta, errekurtso humano falta eta errekurtso material izugarria faltan. Autoen zahartzea, helikoptero falta… ez da ondo planifikatu euskal gizarte berri honetan egon zitezkeen segurtasun beharrak ETAren indarkeriak iraun duen bitartean, segur aski, ezkutuan zeuden hainbat fenomeno biolento bigarren maila batean geratzen ziren. Hori bukatu zenetik 12 urte pasa diren honetan, gure gizarteak baditu errealitate berriak, eta hori ez da aurrez planifikatu.
7) Martuteneko Agustindarren eraikinerako zer proposatzen duzue? Zer egin, era berean, kale egoeran dauden herritarrekin?
Gaur egun, Iñaki Arriolak zuzentzen duen etxebizitza sailaren bidez, tramitean dago proiektu bat, eraikin honetan etxebizitza tutoretzapeko etxebizitzak egin daitezen. Donostiako Udalean tramitean dago proiektu hau. Partzela bi zatitan banatuko da: batetik, eraikina, eta, bestetik, ondoko partzela. Gazteentzako etxebizitzak egingo dira, eta, gainera, zailtasunak dituzten gazteentzako pisuak kudeatzeko elkarte bat prest agertu da. Ortzadar elkartea da, eta bertara lekualdatuko lukete beren egoitza.
Horrelako fenomeno konplexuei ausardiaz erantzun behar zaie, eta proiektu batekin. Guk badugu proiektua eta jada tramitean dago. Ezin dena da gauzak dauden bezala utzi, zeren bestela usteldu egiten dira.