Zer du jokoan Donostiak EAEko hauteskundeetan?
Loiolako kuartelak, Intxaurrondoko osasun etxea, Martuteneko Agustindarrak, Topoaren lurperatzea, Errondoko etxebizitza proiektuak, Egiako komisaria mistoa, turismo politikak, alokairuaren mugatzea... Asko dira hiriak hauteskunde hauetan jokoan dituen proiektuak. Zer diote hautagaiek?
Esaten da Udal eta Foru hauteskundeak izaten direla herritarrengandik gertuen dauden hauteskundeak, herritarren egunerokoan gehien nabaritzen diren erabakiak hartzen direla bertan. Gure auzoen eta kaleen norabideak udaletan hartu ohi dira, bai. Baina ehunka dira udalean landu arren, bestelako erakundeetan hartzen diren erabakiak, legeak eta lehentasunak. Tokiko ikuspegitik, beraz, honako hauteskundeek ere berebiziko garrantzia dute.
Udalean dauden bost alderdietako ordezkari donostiarrekin batu da IRUTXULOKO HITZA, kanpainan zehar eztabaidatzen ari diren gaiak gure hirira lurreratzeko asmoz. Etxebitzitza, Osakidetza, turismoa, segurtasuna eta ondarearen moduko gaiak jorratu dituzte hautagaiek. Horien guztien inguruan galdetu diegu, eta jarraian dituzue elkarrizketen bertsio laburtuak; elkarrizketa osoak gure webgunean irakur ditzakezue.
Orain arte, ez zen oso ohikoa alderdi ezberdinek egoeraren analisi partekatua izatea. Oraingo honetan, ordea, eta itxuraz behintzat, hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai guztiek, ezker zein eskuin, partekatzen dituzte hainbat gako. Etxebizitzaren auzian, parke publikoa handitzearekin bat datoz alderdi guztiak, argitu gabe, ordea, zenbat eta nola. Osakidetzan ere, profesional gehiago kontratatzea eta auzoetako anbulatorioek behar dituzten hobekuntzak egitearekin bat datoz alderdiak. Nola egingo duten orain arte ezinezkoa zena, horra hor beste misterioa.
Segurtasunean ez da horrenbeste batasun, eta EAJk, PSE-EEk eta PPk Poliziaren defentsa irmoa egiten dute, hor kokatuz eztabaidaren muina. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, zerbitzu sozialetan jarri dituzte lehentasunak.
Lehen aldia da azken urte luze luzeetan, EAEko hauteskundeetako irabazlea ez dagoela aurrez idatzia, eta horrek, kanpaina are interesgarriagoa egin du. Gure herrialdean dagoen paktu sistemak sorpresa gutxi utziko dituen arren, hiriak asko du jokoan etziko hauteskundeetan.