«Nire ustez, inportanteena da bereiztea zintzotasuna eta itxurakeria»
Tartean Teatroa konpainiak 'Kortxoaren dilema' antzezlana eskainiko du ostegunean eta ostiralean, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Irakasle baten bilakaera ideologikoa da Kortxoaren dilema antzezlanak kontatzen duen istorioaren abiapuntua. Ikasle ohi batek kolokan jarriko ditu irakaslearen printzipioak, eta bien arteko harremana nabarmen aldatuko da hasieratik bukaerara. Patxo Telleriak idatzitako obrak bi aktore ditu, Telleria bera ikasle ohiaren rolean, eta Mikel Martinez irakaslearena. Zuzendaritzaz, berriz, Mireia Gabilondo arduratu da. Telleriak antzezlanaren nondik norakoak azaldu dizkio hedabide honi, baina behar baino gehiago aurreratu gabe.
Errealitatetik gertu dagoen fikzioa da ‘Kortxoaren dilema’. Hau da, zeresana eman zuen gertakizun batekin du lotura, ezta?
Benetako gertaera hori, enpresari aberats batek osasun publikoari egindako donazioarena, konfliktoaren abiapuntua da. Zentzu horretan, antzezlanean tratatzen den gaiak errealitatearekin eta gaur egungo gizartearekin lotura zuzena dauka. Baina esan moduan, abiapuntua besterik ez da. Gertaera hura ez da inolaz ere antzezlanaren mamia. Beste bide batetik doa. Ideologikoa da, baina batez ere giza kondizioari buruzkoa.
Eta zergatik kortxoaren aipamena?
Antzezlaneko protagonista katedradun zahar bat da, gazte-gaztetatik bere jarrera politiko ezkertiar ondo sustraituagatik berebiziko prestigioa daukana. Gaztea zelarik jarrera askoz erradikalagoa zeukan, denborarekin aldatuz joan dena pixkanaka, harik eta gaur egun ia sozialdemokrazia batean bukatu arte. Ikasle ohiak horixe leporatzen dio: bere jarrera moldatuz joan dela, unean-unean modu egokienean txertatua izateko bere inguruan eta komunitate akademikoan. Bere gaztetako kide asko bidean galdu dira, batzuk kartzelan bukatu zutelako arrazoi politikoengatik, beste batzuk baztertuak zan zirelako horrexegatik; bera ez, bera beti moldatu da irauteko. Irakaslea kortxo baten parekoa da, sekula hondoratzen ez delako, eta beti ur gainean mantentzen delako.
Esplizituki aipatu ez arren, Amancio Ortegaren itzala nabari da istorioaren muinean. Hark egindako dohaintza da gaixo dagoen irakasle protagonistari dilema sortzen diona. Printzipioak kolokan jarriko dizkio hartu beharreko erabakiak?
Aipatu moduan, protagonista bere jarrera politikoa aldatuz joan da, erradikaltasunetik sozialdemokraziaraino. Berak aitortzen duenez, kapitalismoak irabazi du borroka, eta geratzen zaigun trintxera bakarra, ongizate sistema defenditzea da, zerga sistema progresibo, zorrotz eta zuzen bat defenditzea. Horregatik bera da Amancio Ortegak —antzezlanean ez da izenik aipatzen, ez da behar, ez baita bera konfliktoaren muina— egindako donazio hori argien eta ozenen salatu duena. Zergak ez ordaintzeko aitzakia bat delako.
Orain irakasleari minbizia diagnostikatu diote, fase terminalean, eta bizirik irauteko aukera bat besterik ez zaio geratzen: enpresari horrek donazioan eman dituen punta-puntako teknologiako ebakuntza gela horietako batean tratatua izatea, minbizia tratatzeko teknologiarik eraginkorrena daukatelako. Orain irakasleak erabaki behar du bere hitza irentsi eta buztana hankartean sartu, edo hil.
Hori gutxi balitz, kontu eske datorkion ikasle bati aurre egin beharko dio irakasleak. Zer nolakoa da euren arteko harremana?
Hain zuzen ere, horixe da antzezlanaren mamia, eta tramaren ezaugarriengatik ezin dut gauza handirik kontatu. Soilik esan dezaket ikaslearen agerpenak irakaslearen bizitza eta sentimenduak kolokan jarriko dituela. Bion arteko harremana sorpresaz beterik dago hasieratik bukaeraraino, eta dramaturgia bihurgunez josia.
Zure ustez, ikusleak irakaslearen, ikaslearen eta dilema horren azalean sartzera darama antzezlanak?
Horretarako josita dago trama, josita dagoen moduan. Gaia berez mardula da, sendoa eta sakona. Gaiaren tratamendua, aldiz, oso dinamikoa, thriller baten egitura jarraituz. Tonuaren aldetik ere bilakaera nabarmena dago. Hasiera batean, ematen du komedia baten aurrean gaudela, tonu arina duelako, dibertigarria delako, eta barregarria une askotan. Ustekabean, ordea, thriller poliziako baten aurrean gaudela konturatzen gara; azkeneko partean, drama psikologiko bat ematen du, non bi adiskide (edo adiskide ohi) urtetako trapu zaharrak (ustelduak neurri batean) garbitzen dituzten. Baina ez da hor bukatzen tramaren bilakaera. Azkenerako ezusterik handienak gordeta baitaude. Ikuslearen arreta hasieratik bukaeraraino harrapatzeko egitura sortu dut.
Antzezlaneko dilema, gizartean eta egunerokoan ikus ditzakegun beste batzuen eredu bat dela uste duzu?
Jakina. Errealitatetik abiatzen zarenean, oso normala da ikusleak bere errealitatearekin parekatzea. Ikusleak galdetuko dio bere buruari berak zer egingo lukeen bestearen lekuan egonda. Baina lehen esan dudan moduan, antzezlan honetako trama politiko-ideologikoa bada ere, benetako konfliktoa, muin muinean dagoena, giza kondizioari buruzkoa da, askoz ere intimo eta pertsonalagoa: norberaren fideltasuna, bere ideiekiko eta baita ere bere adiskideekiko; norberaren lehentasunak bizitzan…
Ez da erraza norberaren pentsaeraren, izaeraren eta nortasunaren kontra egitea. Maiz egin ohi duguna da?
Galdera horri norberak erantzun behar dio. Norberaren printzipioak zenbat eta zurrunagoak eta estuagoak izan, orduan eta deigarriagoa da printzipio horiek haustea. Onerako edo txarrerako, gizaseme gehienon printzipioak elastikoagoak dira. Ez, agian, Groucho Marxen gag horretan azaltzen den modukoa: “Hauexek dira nire printzipioak, baina ez ba dituzu gustuko, beste batzuk dauzkat”.
Nire ustez, inportanteena da bereiztea zintzotasuna eta itxurakeria. Itxurakeriaz, irudi guaya emateagatik egiten diren adierazpen etikoak, normalean oso zurrunak eta faltsuak dira. Zintzotasunez egiten direnean, ziurrenik adierazpen apalagoak izango dira, baina horrexegatik, irauteko eta mantentzeko modukoak.
Ostegunean eta ostiralean, hilaren 25ean eta 26an, Antzoki Zaharrera joan ala ez dilemarekin dabiltzan horiei, zer esango zeniekete?
Dilemak norberak argitu behar dituela. Ez naiz nor inori esateko gure lana ikustera joan behar duen ala ez. Baina zinez seguru nago joaten direnak ez direla inolaz ere damutuko.