Bretxako ingurua urbanizatzeko proiektua onartu du udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Bretxako Merkatuko ingurua berrurbanizatzeko proiektua onartu du, lanak ahalik eta azkarren abiatzeko, Eneko Goia alkateak azaldu duenez. Gaia ez zegoen eguneko zerrendan, baina epeak ahalik eta gehien murriztu ditu udalak, alkateak nabarmendu duenez, eremuaren urbanizazioa lehentasunezkoa delako.
Horrela, 657.408 euroko aurrekontua dauka proiektuak eta datorren asteartean aurreikusten du udalak lizitaziora ateratzea. Behin lanak adjudikatuta, hamabi asteko epean egitea aurreikusten da. Hiru esku hartze hartzen ditu bere gain proiektuak: alde batetik, Iñigo kalean, ibilgailuentzat diren zonetan, zoladura berrituko dute, galtzadako kota espaloiaren kotaraino igo eta eremuari oinezkoentzako izaera emateko helburuarekin. Bestetik, Bretxako plazako argiteria eta zenbait sareta eta zoladura hobetuko dituzte, baita Arrandegi eraikineko zenbait hobekuntza egin ere. Azkenik, Aldamar kalea berrurbanizatuko dute, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat eremuaren baldintzak hobetzeko.
Goiaren aburuz, Aldamar kalekoa da esku hartze “garrantzitsuena”, anbulatorio berria jarri dutelako bertan, eta Aldamar kalean zenbait malda daudelako eta irisgarritasuna ez delako hoberena. Horrela, esku hartze horrekin, maldak desagertuko dira eta espaloia zabalagoa izango da.
Gogoratu behar da Bretxako zati baten kudeaketa Baika enpresarena zela orain arte, emakida bidez —Odon Elorza alkate zen garaian atera zen merkatuaren kudeaketa emakidara—. Donostiako Udalak 2018. urtean onartu zuen Parte Zaharreko eremu horren plan berezia, hainbat lan aurreikusten zituena, eta atzerapenak bata bestearen atzetik pilatu ditu Baikak. Horrela, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak eta EH Bilduren udal taldeak Bretxako Merkatuaren emakida kontratua bertan behera uztea adostu zuten otsailean, eta EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordio bat sinatu dute berriki, Bretxako Arrandegi eta Arkuak eraikinen kudeaketa publikoa izan dadin. Hain zuzen ere, urbanizazioa enpresa emakidadunaren ardura zen, baina beste hainbat lanekin gertatu den moduan, ez du aurrera eraman, eta udalak lehentasunez bere gain hartzea erabaki du.