«Errekonozimendu hau jasotzea eskertzen da»
June Balda (Astigarraga, 2005) eta Haizea Gozategi (Orio, 2006) Ur Kirolak klub donostiarreko arraunlariak dira, eta nazioarteko hainbat txapelketatan aritu dira elkarrekin. 2023ko arraunlari promesa saria jaso zuten martxoan, Europako txapelketan lortutako brontzezko dominarengatik.
Zerk motibatu zintuzten arraunean hastera?
Haizea Gozategi (H.G.): Ni Orion bizi naiz eta txiki-txikitatik ikusi dut jendea uretan, arraunean, klasetik ateratzen nintzen bakoitzean. Nire bi gurasoak ere arraunlariak izandakoak dira; bi anaia zahar dauzkat eta beraiek ere arraunean ibiltzen ziren. Ni txikia nintzenean, aita Orioko arraunlarien entrenatzailea zen, eta batzuetan motoran joaten nintzen berarekin. Oso argi izan dut betidanik arraunean egin nahi nuela, eta hasteko adinaren zain egoten nintzen. Amak kontatu zidan txikia nintzenean «handia naizenean» esan beharrean, «arraunlaria naizenean» esaten nuela.
June Balda (J.B.): Ni beti ibili izan naiz kirolen batean, asko gustatzen zaidalako. Palan ibiltzen nintzen, baina nire anaia arraunean hasi zenean, gustura zegoela eta han zegoen giroa ikusita, inbidia eman zidan.
2023. urteko arraunlari promesa saria jaso duzue. Harrotasuna da hitza?
H.G.: Bai, azkenean hainbeste entrenatu duzu… Espainiako Arraun Federazioaren aldetik errekonozimendu hau jasotzea eskertzen da. Ilusioa egiten du.
J.B.: Urtero ikusten duzu saria jasotzera igotzen den jendea, erreferente gisa dauzkazunak, eta zuri tokatzea… bai, harrotasuna da.
Europako txapelketan lortutako brontzezko dominarengatik jaso duzue saria. Nola gogoratzen duzue txapelketa hura?
H.G.: Urduri, oso. Estropadetara joaterakoan jartzeko playlist bat daukat, eta egun hartan tokatu ziren kantu guztiak, nire faboritoenetan onenak ziren. Niretzako hura seinale bat izan zen! Motibaziorako ere lagundu zidaten. Uretan sartzeko momentua izan zen okerrena; gero, berotzen hasterakoan, zure eremuan zaude, arraunean, kontzentratuta. Beste herrialde batzuetako jendea ikusten duzu egoera berean eta pentsatzen duzu: «Wow, non nago?».
J.B.: Haizeak dioena, bai. Nik uste momentuan ez ginela oso kontziente zer egiten ari ginen, eta azkar pasatzen dira horrelako egunak. Hura ere azkar pasatu zen.
«Urtero ikusten duzu saria jasotzera igotzen den jendea, erreferente gisa dauzkazunak, eta zuri tokatzea… bai, harrotasuna da»
Zer pentsatuko lukete Haizea eta June hasiberriek, gaur egun sari bat duzuela jakingo balute?
H.G.: Nik ez nuen espero, inoiz ez dut espero izan. Ni arraunean hasi nintzen jendea arraunean ikusten nuelako eta uste nuen herri mailan arituko nintzela, herriko beste gazte batzuekin lehiatzen. Ez nintzen arraunean hasi gauza handiak lortzeko, ez neukan espektatiba alturik. Lehengo urtera arte ez nuen ezer lortu, Espainia mailan ez neukan dominarik, eta bat-batean, dena etorri zait. Urte hauetan guztietan zehar egindako lana saritu dute, azkenean. Ordura arte zerbait falta zitzaidan txapelketa guztietan, beti atean gelditzen nintzen.
J.B.: Ni ere, urtetan zehar, poliki-poliki, joan naiz lorpen gehiago eta gehiago edukitzen. Hasiberritan ez nuen espero horrelakorik.
Badaukazue errutinarik txapelketa garrantzitsu baten aurretik?
H.G.: Nik ordura arte ez nuen ezer egiten, baina txapelketa horretatik aurrera saiatzen naiz beti egun hartan egin nuen gauza bera egiten, txapelketa garrantzitsu bat daukadan bakoitzean. Gogoratzen dut kamiseta more bat neukala, eta horixe ukitu nuen justu uretara sartu baino lehen, eta orain beti kamiseta hori ukitu behar dut. Ez dakit funtzionatzen duen, baina denboraldi hau ez da hain gaizki joan!
J.B.: Nik ez, ez dut ezer berezirik egiten.
Nola uztartzen duzue kirola zuen bizitza pertsonalarekin?
H.G.: Ni batxilergoko bigarren maila egiten ari naiz, eta arraunean daukadana da dudan bizitza soziala. Askotan esaten dute kirolak denbora kentzen duela, eta, bai, momentu batzuetan hobeto etorriko litzaizuke entrenatzera ez joatea, baina, azkenean, antolatzen laguntzen dizu. Ez duzu dena azken momenturako uzten.
J.B.: Agian, arratsalde oso bat pasatzen duzu ikasten eta oso agobiatuta zaude, eta ondo etortzen da entrenatzera joan eta pixka bat lasaitzea. Nik, iaz, adibidez, ez nuen entrenamendu batera ere faltatu ikasten gelditzeagatik, ondo egiten zidalako entrenatzera joateak.
«Arratsalde oso bat pasatzen duzu ikasten eta oso agobiatuta zaude, eta ondo etortzen da entrenatzera joan eta pixka bat lasaitzea»
Mentalki ere laguntzen du kirola egiteak, beraz.
H.G.: Guztiz. Pasatzen dituzu zazpi ordu klasean, etxera joan eta etxerako lanak egiten dituzu, ikasi… behintzat entrenatzeko aukera daukazu, etxetik ateratzeko, burua argitzeko. Eta, gainera, gustatzen zaizun zerbait egiten duzu.
Badaukazue, arraunlari gisa, orain arte bete ez duzuen ametsik?
H.G.: Denboraldi bakoitzean, denboraldikoa, ahal dena; baina nire txikitako helburua Kontxako Bandera zen, eta oraindik ere bada. Banku mobilean gauza gehiago etortzen badira ere pozik. Baina Kontxa… Kontxa da.
J.B.: Nik ez daukat helburu garrantzitsurik; aurten kategoria salto inportante bat egin dut goraka, Sub-23 kategorian nago orain. Espainiako selekzioan sartzea zen nire helburua; oraingoz ez dut lortu, baina horretan ari naiz. Trainerua probatzen hasi naiz baita ere, ea zer moduz.
Zein aholku emango zeniekete arraunean hasi nahi duten beste gazte batzuei?
H.G.: Nik joateko esango nieke. Azken finean, ez dut uste denbora askorik kentzen duenik, denbora hori inbertitu egiten duzulako. Sozializatzeko bide berri bat da, gustatzen zaizuna egiten duzu eta burua argitzen ere laguntzen dizu.
J.B.: Balantzan, alde positiboak asko pisatzen du arraunean. Asko ematen dizu; niri behintzat, asko eman dit. Nahiz eta hasieratik gauzak bide onetik ez joan, lanean jarraitzearekin
azkenean lortzen direla esango nieke. Lan egin, beti ere gustura egiten baduzu. Gogoa jarri behar zaio.