Puntu batengatik galdu du Ibaeta Basketek
Ligako titulurako final-laurdenetako kanporaketa etzi erabakiko da Valentzian.
Gertu izan zuten garaipena eta abantaila lortzeko aukera. Ibaeta Basketek partida ona jokatu zuen atzo, Gaska kiroldegian, baina azken laurdenean Valentziak aurrea hartu zion markagailuan (59-60). Puntu batengatik galdu zuten Azu Muguruzaren neskek, eta dagoeneko final-laurdenetako itzulerakoari begira jarri dira. Etzi jokatuko dute Valentzian, 18:30ean.
Ibaeta Basketek hamabi puntuko aldea izatera iritsi zen partidan (40-28), baina ez zen errenta horri eusteko gai izan. Azken hamar minutuetan sartuta, donostiarrak 44-35 aurretik ziren, baina Valentziak berdinketa lortu zuen (47-47). Hortik aurrerakoa, joan-etorrikoa izan zen, eta valentziarrak markagailuan lau puntuko errenta izatera iritsi ziren. Azkenean, ordea, puntu bakarrarengatik irabazi zuten final-laurdenetako joanekoa.
Alba Prieto eta Iris Mbulito izan ziren etxeko taldeko jokalari onenak. Prietok 17 puntu egin zituen eta zazpi errebote hartu. Aldiz, Mbulitok 14 puntu egin eta bederatzi errebote lortu zituen.