«Udalak auzoaren eskaerak aintzat hartzeko aprobetxatu beharko luke aukera hau»
Añorgatxikitarrak auzo elkarteak berretsi du ez dagoela "etxebizitzen planaren kontra". Aldiz, proiektua birplanteatzea eskatu dute.
Donostiako Udalbatzak ez du Añorga Txikiko etxebizitza plana onartu, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena iraungi delako. Horrela, atzo egin zuten apirileko udalbatzarrean, gai zerrendatik kanpo geratu zen Añorgako Geltokia azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia.
Añorgatxikitarrak auzo elkarteak atzerapenak “sorturiko aukeraren” balorazioa egin du: “Proiektuaren onarpena atzeratuko denez, udalak auzoaren eskaerak aintzat hartzeko aprobetxatu beharko luke aukera hau. Baita proiektua birplanteatzeko ere, pertsona guztientzat hobea izan dadin”.
Hasieratik, hainbat alegazioren bitartez helarazi dizkiote aipaturiko eskaerak udal gobernuari. “Eremuaren antolamendu berriak komunitate osoaren eguneroko bizitzaren beharrak eta ezaugarriak jasotzea gustatuko litzaiguke. Orain planteatuta dagoen moduan, ez dugu ikusten masifikazio eta mugikortasun arazo larriei benetako konponbiderik ematen dienik. Eta, era berean, ez dugu ikusten gero Donostiako beste edozein auzok, biztanle berak izanik, erretiratuentzako osasun edo kultura ekipamendu gisa dituen zerbitzuak eta azpiegiturak edukitzeko aukera nabarmenik”, azaldu du auzo elkarteak.
Horrekin batera, Añorga Txikirako aspalditik eskaturiko igogailuaren proiektua “denboran atzeratu” dela kritikatu dute. Bestalde, auzo elkarteak berretsi du ez dagoela “etxebizitzen planaren kontra”, proiektua birplanteatzearen alde baizik.
Aukera berri bat
EH Bilduren udal taldea izan zen ohartarazi zuena Añorgako Geltokia planak iraungita zuela Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena. Atzoko udalbatzarrean adierazi zuten aukera berri bat ireki dela Añorga Txiki auzoa entzuteko, “behin baino gehiagotan adierazi baitute bertako bizilagunek proiektua ez dutela konpartitzen, ez daudela ados”. Horregatik, udal gobernuari eskatu diote “herritarrekin zubiak eraiki” eta adostasun puntuak bilatzen saiatzeko. “Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) idazketa prozesuan gaudela baliatuz, auzoaren eskaerei erantzun egokia emateko unea izan daiteke honakoa”, nabarmendu dute.
Horrez gain, EH Bildu kritiko agertu da EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuarekin: “Tokiko Gobernu Batzordeak berak duela aste gutxi onartu zuen plana, ingurumen adierazpena iraungita zuenean jada. Honek jarraipen falta agerian uzten du. EH Bildutik lardaskeria bat dela uste dugu, eta ezin dela justifikatu soilik esanda akats administratibo bat izan dela”.