Hiri bizigarriagoa eraikitzeko gakoak eta eztabaidak mahai gainean
Berdeguneen garrantzia, turistifikazioa, mugikortasuna, ondarea, etxebizitza eta harrera egitasmo solidarioak izan dituzte hizpide, eta hiri bizigarriago baten aldeko borroka saretzeko beharra nabarmendu dute, besteak beste. Maiatzaren 26an manifestazioa egingo dute, 12:00etan, Easo plazatik abiatuta.
Donostia Defendatuz koordinakundeak antolatuta, Herritarron Plaza egitasmoa burutu dute larunbat osoan zehar Bulebarreko kioskoan: hainbat gairen inguruko mahai inguruak egin dituzte, hiri bizigarriago bat lortzeko helburuarekin, hirian presente dauden borroka, aldarrikapen eta arazo nagusien gakoak eta eztabaidak mahai gaineratuz. Herri mugimenduen erakusketa ere ikusgai egon da. Arlo eta auzo askotako 42 eragilek egin dute bat egitasmoarekin, eta bestelako hiri eredu baten aldeko borrokan diharduten eragile guztien saretzearen garrantziaren ideia presente egon da egun guztian zehar.
Goizean, hiri parkeen inguruko mahai inguruarekin hasi dira, Haritzalde elkarteko Jon Leozek gidatuta. Hirietan berdeguneek duten garrantziaren inguruan mintzatu da, eta, besteak beste, Manteon eta Auditz Akularren parkeak sortzearen aldeko apustua egin du, egungo hirigintza proiektuen ordez —Manteon Basque Culinary Centerren egoitza berria egiten ari dira eta Auditz Akularren 3.000 etxebizitza daude aurreikusita—. Halaber, udal gobernuaren jokabidea kritikatu du: “Eremuak degradatzen uzten dituzte, ondoren esan ahal izateko degradatuta daudela eta hobeto dela bertan eraikitzea. Manteon egin dute, eta Auditz Akularren gauza bera egiten ari dira. Hori da euren estrategia, baina garaiz gaude Auditz Akular salbatzeko behintzat”.
Bestalde, hainbat ikuslek ere hartu dute parte eztabaidan, besteak beste, bero irlen fenomenoa ekiditeko autorik gabeko espazioak sortu behar direla eta, espazio berriak ez ezik, egun dauden zuhaitzak eta espazio berdeak mantentzeko borrokatu behar dela mahai gaineratuz. Halaber, Leozek gogorarazi du zuhaitzek, berdeguneak sortzeko ez ezik, kutsadura akustikoa murrizteko eta izurriteak kontrolatzeko ere balio dutela, txorien bizileku direlako eta txoriek eltxoak eta bestelako zomorroak jaten dituztelako.
Desazkunde turistikoa eta Parte Zaharreko borrokak
Turistifikazioaren ingurukoa izan da bigarren mahai ingurua eta jende gehien bildu duenetakoa izan da. Bizilagunekin plataformako Elena Ramirezek ireki du solasaldia, eta nabarmendu du turismoa Donostiako ekonomiarentzat garrantzitsua den arren, etekinak gutxi batzuek baino ez dituztela ateratzen. “Aberatsen turismoa sustatzen da hirian diru publikoarekin. Eta etortzen direnak gu baino aberatsagoak direnez, hiriko baliabideak euren mesedetara jartzen dira, herritarrok ezin dugu baliabide horiez gozatu eta kanporatuta ikusten dugu geure burua”, gaineratu du. Horrela, desazkunde turistikoaren aldeko apustua egin du, eta gogorarazi du Bizilagunekinek horretarako hamasei proposamen zehatz egin zituela iaz.
Turistifikazioak hiri osoari eragiten dio, baina Parte Zaharra da fenomenoa pairatzen gehien pairatzen duen auzoa, eta, horregatik, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak eta Birunda gune autogestionatuak ere hartu dute parte mahai inguruan. Parte Zaharrean Bizik “antolakuntza eta borroka moduak birpentsatzeko” beharra plazaratu du, turistifikazioa oso fenomeno handia delako eta ertz asko dituelako. “Parte Zaharra aldatu da dagoeneko, eta bertako bizilagunak alboratuta gaude. Kapitalismoa globala da, eta kolonizatzen duen espazio oro ustiatzen du”, gehitu dute, baita beste hiri eredu baten alde borrokatzen ari diren eragile guztiak elkarlanean aritu behar direla nabarmendu ere: “Eztabaida, gutxienez, hiri mailan eman behar da”.
Birunda gune autogestionatua iazko urrian jaio zen, eta desagertzeko arriskuan egon bada ere, auzoarentzako espazio gisa funtzionatzen jarraitzen du: “Gure ardatzetako bat, hasieratik, bizilagunekin harremana izatea izan da”, azaldu dute kideek. Halaber, kontsumorako bideratutako eremu batean, bestelako espazio bat sortu dutela nabarmendu dute: “Ez da parranda gune bat, gune sozial bat baizik, auzoarentzat eta guretzat babesgune bat da eta, horregatik, turistek eta poliziek debekatuta dute sarrera; turistak kaleratzeko protokolo bat ere badaukagu. Gaizki ikusia izan daitekeen arren, babesguneak behar ditugu”.
Era berean, turisten artean bizitzea “oso gogorra” dela deitoratu badute ere, aitortu dute “bere puntua” daukala “turistek auzoa okupekin partekatu behar izateak”. Horrela, bizilagunekin batera lanean jarraituko dutela nabarmendu dute, ostiraletako Kafeta saioez gain, beste hainbat jarduera antolatuz.
Mugikortasuna hizpide
Beñat Gaztelumendi eta Izarne Zelaia bertsolarien bertso saioarekin eman diote amaiera goizari, eta, bazkalostean, mugikortasunaren gaiari heldu diote, Kalapie, Satorralaia eta Egia Bizirik elkarteen eskutik.
Dbusek Egian eta beste hainbat auzotan berriki egin dituen murrizketak salatu dituzte, eta baita baliabideak garraio azpiegitura handietara bideratzen direla ere, hala nola, metrora eta AHTra. Ildo horretatik, Satorralaia plataformako Mikel Alvarezek nabarmendu du Donostiako Metroaren igarobidearen xedea dela dena Kontxaren inguruarekin konektatzea, eta horrek “zerikusi handia” duela “hiriko praktika espekulatiboekin”.
Arrazismoaren eta bazterkeriaren aurrean, elkartasuna
Hirian zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin lan egiten ari diren bi harrera egitasmo solidariok hartu dute hitza jarraian: kale egoeran dauden pertsonak artatzen dituen Hiritarron Harrera Sareak eta gauero kale egoeran dauden pertsonentzako afariak banatzen dituen Kaleko Afari Solidarioak taldeak (KAS).
Bi eragileetako kide da Garazi Montuschi, eta hirian kale egoeran dauden pertsonek, bereziki migratzaile eta arrazializatuek, pairatzen duten egoera eta oztopoak azaldu ditu: “Osasun txartela lortzeko oztopoak, arrazismoagatik gela bat alokatzeko zailtasunak, konfiskatzeak, polizia indarkeria, kanpin dendak puskatzen dizkiete, Poliziak egunero gelditu eta identifikatzen ditu… Horrek guztiak kriminalizatu egiten ditu pertsona horiek, eta euren egoera larriagotzen du”.
Halaber, azaldu duenez, Donostian, “gero eta pertsona gehiago daude kale egoeran” —Harrera Sareak 400 bat lagun artatzen ditu eta KASek egunero 200 bat afari banatzen ditu hiru auzotan, azaldu dutenez—. Ordea, salatu dute udalak ez duela baliabide gehiagorik jartzen pertsona horien egoerari aurre egiteko, eta kalea dela pertsona horien “aukera bakarra”. “Baliabideak handitzen dituzte Poliziaren presentzia areagotzeko [Egian eraiki nahi duten komisaria mistoari erreferentzia eginez, besteak beste], baina ez pertsona hauei alternatiba bat eskaintzeko. Eta, bitartean, boluntarioak ari dira betetzen erakundeek bete beharko lituzketen behar batzuk”.
Ondarearen garrantziaz
Gartxot musikari donostiarrak mahai inguruen arteko atsedenaldia girotu ostean, Mirakruz kaleko 19 zenbakiko eraikin entzutetsuaren kasutik abiatuta, hiriko ondare arkitektonikoa izan dute hizpide ondoren. Eraikin hori mantentzearen aldeko borrokan aritutako Josean Arrieta Groseko bizilagunak hartu du hitza, eta udalak eraikitako ondarearekiko duen jarrera kritikatu du, besteak beste, salatuz Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia “motz” gelditzen dela salatuz, eraikin askok babes maila txikiena (D maila) dutelako, eta horrek “eraikinak suntsitzea ahalbidetzen duelako”.
Ondarea “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du Arrietak, “gure izaera islatzen duelako, gure balioak, historia, ohiturak… Zer izan garen eta zer garen”. Horrela, salatu du “Donostiako agintariek”, ondarea “oztopo gisa” ikusten dutela, “etekinak maximizatzeko bidean”, eta hori arazo “larria” dela deitoratu du. “Interes pribatuak kolektiboen gainetik daude”, gaineratu du.
Etxebizitza larrialdiaren aurrean, hainbat antolakuntza eredu
Etxebizitza da hiriaren arazo esanguratsuenetako bat, eta hori agerian gelditu da Herritarron Plazan, eguneko azken mahai ingurua izateaz gain, luzeena eta eragile gehienen parte hartzea izan duena izan baita: Kaleratzeak Stop plataformak, Etxebizitza Sindikatuak, Altza XXI Herri Ekimenak, Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak eta Javier Nadal adituak hartu dute parte. Etxebizitza larrialdia errealitate bat denaren oinarritik abiatuta, horri aurre egiteko hainbat eredu daudela agerian gelditu da mahai inguruan. Ondoren, kalejira aldarrikatzaile batekin itxi dute eguna.
Kaleratzeak Stopeko Rosa Garciak higiezinen eta alokairuaren burbuilan, putre funtsen gorakadan eta erakundeen jarreran jarri du fokua, eta alokairu soziala sustatzearen eta alokairuaren prezioa mugatzearen alde eta etxebizitza negozio gisa erabiltzearen aurka agertu da. Nadal arlo juridikoaren inguruan mintzatu da, eta Etxebizitza legeak, estatukoa eta autonomia erkidegokoa, aplikatzearen alde agertu da. Izan ere, “aukera asko” ematen dituztela nabarmendu du: “Prezioak mugatu, desjabetzeak egin…”. “Erakunde publikoen betebeharra da herritarren etxebizitza beharrak asetzea, eta garapen berriek %100 babestua izan behar bada, hala izan beharko da”, gehitu du.
Altza XXI-ko Isa Pac kidea Auditz Akularreko etxebizitzen proiektuaren aurka agertu da, argudiatuz hirigintza ereduak birpentsatu behar direla: “Langile auzoetan etxeak pilatzea eta guettoak sortzea frankismoko zerbait da, Altzan bizi eta gainditu duguna. Lurra mugatua da, eta hirigintza birpentsatu behar da, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko eraikitako ondarea birgaitzeko eta espazio berdeak ez suntsitzeko. Guk zenbait ideia ditugu, etxebizitzak egiteko: Intxaurrondoko kuartela, Antiguako seminarioa…”.
Etxebizitza Sindikatuak eta Saretxek, euren jarduna azaldu ostean —Trintxerpeko Escalerillas eremuan zentratu da Etxebizitza Sindikatua eta Groseko problematikan (Azora putre funtsa, etxe turistikoak…) Saretxe—, biek kapitalismoan jarri dute fokua, etxebizitzaren merkatua “espekulazioan” eta “etxebizitzaren merkantilizazioan” oinarritzen dela salatuz. Horregatik, arazoari “perspektiba politikotik” aurre egin behar zaiola aldarrikatu dute, eta Etxebizitza Sindikatuak nabarmendu du erakunde publikoetatik ez dela “alternatiba errealik eskaintzen”.
Bakarrik ezin da
Gaurkoan Herritarron Plazan mahai gaineratutako problematikak oso garrantzitsuak dira Donostian, baina ez dira bakarrak, eta hiri ereduak zerikusia du guztietan. Baina, mahai inguruetan behin baino gehiagotan aipatu den moduan, ez dira Donostiako fenomeno eta eztabaida isolatuak, lurralde, nazio, estatu eta, kasu askotan, mundu mailako arazoak baitira.
Ordea, horrek ez du esan nahi tokikotik ezin zaienik aurre egin; alderantziz, fenomeno handiek tokikoan dute eragina eta, beraz, tokikotik hasi behar da horiei aurre egiten, gehiengoarentzako auzo, hiri, herrialde eta mundu bizigarriagoak eraikitzeko. Horretarak0, baina, ezinbestekoa da arlo desberdinetan diharduten eragile eta norbanakoak saretzea eta elkarlanean aritzea, eta hori argi dute Herritarron Plazan parte hartu duten guztiek. Bide hori luzea da, eta hurrengo zita jarri dute: duela urtebete egin zuten moduan, maiatzaren 26an, hiri bizigarriago baten aldeko manifestazioa egingo dute, Easo plazatik 12:00etan abiatuta.
Jarraian, Herritarron Plazako zenbait argazki ikus ditzakezue: