Anoetako belodromoaren estalkia berrituko dute
Donostiako Udalak, Donostia Kirolaken bidez, Anoetako Antonio Elorza belodromoaren estalkia berrituko du urtea bukatu baino lehen. 1,4 milioi euro bideratuko dituzte instalazioak dituen itoginen arazoa behin betiko konpontzeko. Horietatik 530.000 euro Gipuzkoako Aldundiak jarriko ditu, kirol ekipamenduetarako diru laguntzen bitartez. Gainerako 870.000 euroak udalak ordainduko ditu.
Egungo estalkia osatzen duten PVC xaflen bi geruzak kendu eta horien ordez FPO xaflak jarriko dituzte. Etorkizunean plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera ematen duen materiala da. Nabarmendu beharreko beste datu bat da material horren fabrikatzaileak eskaintzen duen berme epe luzea (25 urte).
“Atletismoari eta pistako txirrindularitzari eskainitako instalazio enblematiko honi aspaldidanik eragiten dioten itoginen eta filtrazioen arazoak konponduko ditu. Gainera, isolatzaile termiko bat instalatzeko aprobetxatuko dugu, instalazioaren eraginkortasun energetikoa nabarmen hobetuko duena”, adierazi du Kirol zinegotzi Iñaki Gabarainek.
Lanek ez dute eraginik izango belodromoaren eguneroko jardueran, une oro instalazioaren kanpoaldean egingo baitira. Obra irailaren hasieran hasi eta urte abendurako bukatzea aurreikusten du udalak.