Bretxako lanak berrabiarazteko erritmoa bizkortu du udalak
Donostiako Udal Gobernuak Bretxa ingurua urbanizatzeko tramitazioa erraztu nahian dabil. Atzerapenak atzerapen, Iñigo, Aldamar eta San Juan kaleetako obrak ahalik eta azkarren hastea dute helburu. Horrela, Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek kontratatzeko espedientea onartu du. Obrak egikaritze subsidiarioaren bidez egingo dira –udalak bere gain hartuz, baina Baika enpresa emakidadunak ordaindu beharko du–. Lizitazio aurrekontua 657.408 eurokoa da, pasa den astean iragarritakoa. Lanak egiteko epea, berriz, hamabi astekoa.
Hiru esku hartze hartzen ditu bere gain proiektuak: alde batetik, Iñigo kalean, ibilgailuentzat diren zonetan, zoladura berrituko dute, galtzadako kota espaloiaren kotaraino igo eta eremuari oinezkoentzako izaera emateko helburuarekin. Bestetik, Bretxako plazako argiteria eta zenbait sareta eta zoladura hobetuko dituzte, baita Arrandegi eraikineko zenbait hobekuntza egin ere. Azkenik, Aldamar kalea berrurbanizatuko dute, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat eremuaren baldintzak hobetzeko.