Ekialdeko Barrutiaren egoitza berria inauguratu dute
Altzako Harrobieta plazako 17. zenbakian dago Ekialdeko Barrutiaren egoitza berria. Donostiako Udalak gaur goizean inauguratu du, eta han egin dute gaurko Tokiko Gobernu Batzarra. Egoitza barrutiko batzordeak eskura izango dituen hainbat gunez osaturik dago: bi bulego, bilera eta batzar aretoa itzulpen gelarekin, erabilera publikoko komunak eta langileentzako gela bat.
Eneko Goia alkateak eta Carlos Garcia Ekialdeko Barrutiko batzarraren presidenteak agerraldia egin dute egoitzan bertan. “Esanahi sinbolikoa ez ezik, historikoa ere badu. Udalak duela bi legealdi sortu zuen Ekialdeko Barrutiko batzarra, eta denbora honetan udal egitura hau sendotzen joan da, indarra hartzen, eta gaur egun bere jarduera propioa duela esan genezake”, nabarmendu du Goiak.
Udal egitura deszentralizatzeko eta herritarrengandik hurbilago egoteko hasitako bidea egonkortzen ari dela gaineratu du alkateak, eta barrutiaren egitasmoak eta erabakiak geroz eta gehiago direla.
Orain arte, batzarraren egoitza Altzako udaletxe zaharra izan da, eta aurrerantzean eraikin horrekin zer gertatuko den ez dute argitu. Garcia, berriz, aurrera begira jarri da, eta egoitza aldaketa pauso gisa hartu du. Barrutiaren aurrekontua 363.968 eurokoa dela gogoratu du, eta barrutiak aintzak hartzen dituen hiru auzoetako 46.000 biztanle ingururen beharrei erantzuteko dela adierazi du. Proiektuei dagokienez, Larratxoko jolastokiaren estalkia, Trintxerpe eta Bidebieta arteko bidegorri zatia eta Buenavistako kirol kantxa berria aipatu ditu, besteak beste.
Udalinforen bulegoa
Ekialdeko Barrutiko egoitzarekin batera, leku berean Udalinfo Herritarren Arretarako Zerbitzua ere eskainiko dute. Horrek bi postu izango ditu, 09:00etatik 14:00etara, eta autotramitazio makina bat, ordutegi zabalagoa izango duena. Postu horiei beste bat gehitu ahal izango zaie, beharrezkoa izanez gero. Konpostajerako zabor poltsak banatzeko makina bat ere egongo da eskuragarri.
Bulego horiez gain, udala lanean ari da etorkizunean Udaltzaingoaren polizia etxe bat irekitzeko Herrera inguruan, udal administrazioa herritarrengana hurbiltzeko eta zerbitzu hurbilagoa emateko.