Janen ibilaldia egingo dute Ibaetan larunbatean

Janen ibilaldia antolatu dute aurten ere Donostian maiatzeko lehenengo asteburuan, munduko hainbat hirietan egin ohi den moduan, Jane Jacobs (Scranton, Pensilvania, AEB, 1916—Toronto, Kanada, 2006) hirigile eta aktibistaren jaiotegunaren bueltan. Aurten, Ibaeta auzoan egingo dute Donostiako ibilaldia, eta, hain justu, Jacobsen jaiotegunean bertan izango da ibilaldia, hilaren 4an, larunbatean. Nerea Lizarralde kazetariak eta Impact Hubeko Victor Aspe eta Alvaro E. Olaizek gidatuko dute Ibaetako ibilaldia, eta edonor joan daiteke, doan, aurretik izena eman gabe.
09:30ean abiatuko dute ibilaldia, Lugaritzeko topo geltokitik. Ibaetako EHUren campusera joango dira handik, Zapatari eremua zeharkatuz, eta, 11:30ean, geldialdia egingo dute ikasgelategian. Koldo Mitxelena parkera iritsiko dira 12:00etan, eta Illarra bideko El gallinero ezagutuko dute, baita hegoaldeko zuhaitz igelaren inguruko informazioa jaso ere. 13:00etan, Portuetxera iritsiko dira, Igara bidetik jarraituko dute eta 14:00etan bukatuko dute, Infernuan. Ibilaldirako berotzen joateko, pasa den igandeko ETB1eko Herri Txiki, Infernu Handi saioa ikus dezakezue, Ibaeta izan baitzuten hizpide saio horretan Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek.
Impact Hub taldeak antolatzen ditu Donostiako Janen ibilaldiak, 2012tik. Helburua da kaleetan barrena ibiltzea da eta kaleetan gertatzen dena zein gertatu dena kontatzea. Mugikortasuna, segurtasuna, zarata, etxebizitza motak, memoria kolektiboa, aldarrikapenak eta beste hainbat dira ibilaldietan ukitu ohi dituzten gaiak. Ibaetaren aurretik, Egian, Parte Zaharrean, Loiolan, Amaran, Altzan, Grosen, Añorgan, Amara Berrin, Intxaurrondon eta Bidebietan egin dituzte ibilaldiak. Pandemiaren eraginez, bi urtez ezin izan zuten ibilaldirik egin, baina baina 2021ean, Txomineneari buruzko dokumental bat egin zuten.
Parte Zaharrean ere
Egun berean, hilaren 4an, Janen beste ibilaldi bat ere egingo dute Donostian, Emakumeak eta Hiria Foroak eta udaleko Berdintasun Sailak antolatuta. 11:00etan abiatuko dira Bretxatik, eta Parte Zaharrean barrena ibiliko dira.
🗓️EGUNA/DIA: Maiatzak 4 Mayo
— DSSEmakumeen Etxea (@DSSEmakumeenEtx) April 26, 2024
⏰ORDUA / HORA: 11:00
📍LEKUA / LUGAR:
Alde Zaharretik Barrena
Adentrándonos en la Parte Vieja
🟪ANTOLATZAILEA / ORGANIZA:
Emakumeak eta Hiria
Foroa / Foro Mujeres y Ciudad
Departamento de Igualdad / Berdintasun Saila pic.twitter.com/DbwDS57p7P