Realaren Kopako finalaren harira, festa erraldoi bat egingo dute Saguesen
Maiatzaren 18an jokatuko da txuri-urdinen eta Bartzelonaren arteko finala, Zaragozako La Romareda futbol zelaian (19:00).
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk bat egin dute Realaren Kopako finalarekin. Erakunde guztietako eta talde txuri-urdineko ordezkariek agerraldia egin dute udaletxean. Elkarlanean antolatu dituzten ekitaldien berri eman dute, hiriak eta Gipuzkoa osoak Realaren nesken taldea babesteko.
Maiatzaren 18an, Zaragozara joango ez diren zaleek Donostian bizi ahal izango dute Kopako finala. Horretarako, jai erraldoi bat egingo dute Saguesen. Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira, eta lehenengo xehetasunak eman dituzte. Familiei zuzenduriko jarduerak izango direla aurreratu dute: besteak beste, puzgarriak, hondartza futbola eta beste hainbat futbol modalitateko txapelketak, jolasak, penaltiak jaurtitzeko makina birtuala, Goazen! telesaileko aktoreen ikuskizuna, eta DJak. Ondoren, 19:00etan, finala pantaila erraldoian eskainiko dute.
Apaingarriak
Horrez gain, erakundeek eta klubak donostiar eta gipuzkoar guztiei dei egin diete kaleak, plazak, balkoiak, leihoak edo etxe aurrealdeak txuri urdin koloreekin apaintzeko. Dagoeneko hainbat apaingarri jarri dituzte. Esaterako, Ijentea kalea eta Bulebar eta Kale Nagusiaren kantoiko eraikinean lona erraldoi bat dago pasa den asteko ostegunetik, eta Anoetako Euskotreneko geltokia Realaren emakumezkoen futbol taldearen irudiarekin apainduta dago iragan ostiraletik. Bietan lelo bera irakur daiteke: Pausoz pauso bidea egiten #GoazenNeskak.
Zaragozara bidaia
Esan moduan, Zaragozan jokatuko da Kopako finala, eta hara joan nahi duten zaleen bidaia erraztu nahi dute erakundeek eta klubak. Helburua da 1987. urtean Espainiako Koparako bidai historikoa errepikatzea. Orduan, gizonezkoen taldeak Kopa irabazi zuen maiatzaren 18ko finala hartuko duen estadio berean. Realak 12.000 sarrera salgai jarri ditu, eta erakundeek bidai hori babestu nahi dute finalera joango diren zaleentzako autobusak antolatuz.
Hurrengo egunetan sarrera erosten duten pertsonentzat informazioa emango dute Aragoiko hiriburura joateko autobusen antolakuntzari buruz.