Biribilgune berria «hobetzeko» hainbat aldaketa proposatu ditu Martuteneko auzo elkarteak
Aurreikusitako zebrabidea lekuz aldatzeko, argiztapena areagotzeko eta bidegorriaren lotura ahalbidetzeko eskatu diote udalari.
Martuteneko behin-behineko biribilguneak bost urte inguru daramatza auzoaren mutur batean. Donostiako Udal Gobernuak 2018an aurreikusi zuen berritzea, baina atzerapen ugari pilatu ditu proiektuak. Azkenik, ordea, duela aste pare bat hasi zituzten hura berritzeko lanak. Martuteneko Sarroeta auzo elkarteak ontzat jo du lanen hasiera, baina udalari eskaturiko hainbat aldaketa kontuan hartu ez dituztela jakinarazi diote hedabide honi.
Auzo elkarteko zuzendaritza irailean berritu zuten, eta urrian udalarekin elkartu ziren, lehen aldiz. “Biribilgunearen azken proiektua erakutsi ziguten. Aztertu ondoren, eskaera batzuk egin genituen, aurreko zuzendaritzak ere egin zituenak. Dena dela, ez dituzte proiektuan jaso, eta ez digute erantzunik eman. Duela aste batzuk lortu dugu behin betiko proiektua, eta eskaturiko proposamenik ez dago”, azaldu du auzo elkarteko presidente Maite Barronek.
Horiek horrela, infografia bat osatu eta udal gobernuari hainbat aldaketa proposatuko dizkiote datozen egunetan, lanak bukatu aurretik aintzat har ditzaten. Barronek aurreratu duenez, hiru dira biribilgunea “hobetzeko” eskatuko dituzten aldaketak: “Proiektuak aurreikusten duen zebrabidea aparkaleku batera doa, eta metro batzuk mugitzeko eskatu dugu. Biribilgunearen inguruko argiztapena ez da ona, eta segurtasuna bermatzeko argiteria gehiago beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Azkenik, bidegorriak ez du loturarik behin biribilgunera iritsita. Hori aldatzea eta seinaleztapen egokia jartzea nahi genuke”.
Biribilgunearen arrazoia
Martuteneko bizilagunek ez dute sekula begi onez ikusi behin-behineko biribilgunea, segurtasun arazoak sortzen zituelako. Hain zuzen ere, istripu asko eragin ditu azken urteotan. Halere, orain arte argitu ez dena da udalak zergatik jarri zuen auzoaren mutur horretan biribilgune hori. “Auzoak ez zuen biribilgune horren beharrik. Hor jarri zuten, baina ez auzotarrek eskatuta. Gure ustez, 26. lineako autobusek minutu batzuk irabazteko, eta buelta handiegia ez emateko jarri zuten. Beraz, bost urte luze daramatzagu behar ez genuen biribilgune batekin”, azaldu du Barronek.