CCOOk eta UGTk «lanorduak gutxitzea eta soldatak hobetzea» aldarrikatu dute
'Enpleguaren alde: lanaldi laburragoa, soldata hobeak' lelopean, manifestazio bateratua egin dute gaur eguerdian.
Langileen Nazioarteko Egunean, ehunka lagunek parte hartu dute CCOO eta UGT sindikatuek deituriko manifestazioan. Alderdi Ederren hasi eta Bulebarrean bukatu duten martxan, enpleguaren aldeko hainbat aldarri oihukatu dituzte.
Bukaerako ekitaldian, testuinguru politikoari ere erreparatu diote manifestazio bukaerako hitzartzean. Israelek Palestinari “egindako eraso justifikatu ezina” salatu dute, eta ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeak “oso garrantzitsuak” izango direla nabarmendu dute. “Pertsonen alde eta pertsonentzat lan egingo duen Europa nahi dugu, asko dugulako jokoan. Horiek dira gaur kaleetara ateratzen ditugun aldarrikapen nagusiak, enplegu duin, egonkor eta kalitatezkoaren aldeko apustu irmoa, lanaldia murriztearen aldekoa eta soldatak hobetzearen aldekoa”.
Etorkizuneko enplegua sortzeko “arau esparrua hobetzeko unea” dela esan dute sindikatuetako ordezkariek: “Lanaldia legez murrizteko eta lanaldi partzialeko kontratazioa hobeto arautzeko unea da”. Zentzu horretan, osatzear den Eusko Jaurlaritza berriari mezua zuzendu diote: “Gobernu berriak bere erantzukizun politikoa bete behar du, eta politika publiko ausartak garatu behar ditu, apustu argia eginez etxebizitza publikoa sustatzearen alde, alokairuko etxebizitzen parke publikoa sortzearen alde, prezioak mugatzearen alde eta interes tasak jaistearen alde”.