Natalia Arroyok ez du Realean jarraituko
Realak jakinarazi duenez, Natalia Arroyok ez du entrenatzaile gisa jarraituko. Lau denboraldi beteta, ekainaren 30ean, talde txuri-urdina utziko du. Emakumezkoen taldearen historiako gertaera esanguratsuetako batzuen protagonista izan dela adierazi du klubak.
“Emakumezkoen sailaren hazkuntza progresiboan emandako pauso garrantzitsuen parte izan da: ligako bigarren postuko sailkapena (historiako onena), Txapeldunen Ligako historiako lehen parte hartzea eta Superkopako finala”, azaldu du Realak.
Hilabete eta erdi falta denboraldia bukatzeko, eta Arroyok zuzenduko du taldea maiatzaren 18ko Espainiako Kopako finalean. “Bi aste barru beste egun historiko bat biziko du taldeak. Zaragozan jokatuko den Erreginaren Kopako finala jokatuko du, bere indar guztiekin. Ia menderaezina den arerio bat izango dute aurrean, baina inork ez dio taldeari balentria lortzeko ilusioa kenduko”, adierazi du talde txuri-urdinak. Arroyoren aroa “harrotasunez eta zapore onez” bukatzea desio du klubak.