Donostiako etapa klasikoarekin bukatuko da, hirugarrenez
Emakumezkoen Itzulia maiatzaren 10etik 12ra jokatuko da Gasteiz eta Donostia artean. Iazko irabazlea, Marlen Reusser, irteeran izango da.
Hirugarren urtez jarraian, Donostian bukatuko da Emakumezkoen Itzulia. Maiatzaren 10etik 12ra bitarte izango da, eta hiru etapa izango ditu. Lasterketak Gasteiz, Elgoibar, Basauri eta Donostia bisitatuko ditu, 358,9 kilometro osatuz. Gaur goizean egin dute aurkezpen ofiziala Donostiako Udaletxean, eta parte hartuko duten txirrindularien behin-behineko zerrenda aurreratu dute.
“Aurtengo Itzuliak beste aukera bat emango digu gaur egungo txirrindularirik onenak egutegiko titulu preziatuenetako bat lortzeko borrokan ikusteko. Eta are gehiago Flandriako Tourra edo Paris Roubaix bezalako hitzordu handietan eskainitako ikuskizuna ikusita. Itzuliaren azken etapak norgehiagoka handi horiek zuzen-zuzenean berriz ikusteko aukera emango digu”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Partaidetzari dagokionez, antolatzaileek tropeleko txirrindulari esanguratsuen presentzia ziurtatu dute. Marlen Reusser iazko txapelduna Gasteizko irteeran egongo dela aurreikusi dute, beste hainbatekin batera: Demi Vollering, Katarzyna Niewiadoma, Elise Chabbey, Evita Muzic, Marta Cavalli, Amanda Spratt, Ella Wyllie, Mavi Garcia, Ane Santesteban eta Olivia Baril, besteak beste.
Etapaz etapa
Gasteiztik Elgoibarrera joango da lehenengo etapa, 140 kilometro eginda eta Olaetako (hirugarren mailakoa), Azkarateko (bigarren mailakoa) eta Itziarreko (hirugarren mailakoa) mendateak igota. Bigarren etapa, aldiz, Basaurin hasi eta bukatuko da; 104 kilometro egingo dituzte eta Sarasolako (hirugarren mailakoa), Aratxabalganeko (hirugarren mailakoa) eta Urruztigainako (bigarren mailakoa) mendateak igoko dituzte.
Hirugarren etapa erabakigarria, aldiz, Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da, hirian hasi eta bukatuko baita. 114,9 kilometro egingo dituzte, eta Jaizkibelgo (lehenengo mailakoa), Gurutzeko (hirugarren mailakoa) eta Mendizorrotzeko (bigarren mailakoa) mendateak igoko dituzte. Jaizkibel Lezotik igoko dute, eta Mendizorrotz Murgileko aldapa entzutetsutik. Murgilen, aurreikusten da txirrindulari indartsuenek euren maila erakutsi eta tartea irekiko dutela gainontzekoekin. Handik Oriora jaitsiko dira, eta Donostiarainoko kilometroak erlojupeko baten modukoak izango dira, horrela erabaki dadin lasterketa.