Biribilguneari buelta pare bat eman nahi dizkiote
Martuteneko biribilgunea berritzeko lanak hasi dituzte, eta udalaren arabera, abuzturako erabiltzeko prest egongo da. Sarroeta auzo elkarteak ontzat eman du obraren hasiera, baina udalari egotzi dio proiektuari egindako hainbat zuzenketa kontuan hartu ez izana.
Behin-behineko biribilguneak bost urte inguru daramatza Martutene auzoaren mutur batean. Donostiako Udal Gobernuak 2018an aurreikusi zuen berritzea, behin-behinekoa jarri eta gutxira, baina ordutik atzerapen ugari pilatu ditu proiektuak. Azkenik, udalak Urbycolan enpresari adjudikatu zion obra martxoa hasieran, 246.427 euroko aurrekontuarekin. Lanak, berriz, duela bi aste hasi zituzten, eta lau hilabetekoa da obra bukatzeko ezarritako epea. Hortaz, abuztua bukaerarako biribilgune berria bukatuta egotea aurreikusten du udalak, beti ere, beste atzerapenik sortzen ez bada.
Martuteneko Sarroeta auzo elkartearen aspaldiko eskaeretako bat da Martuteneko biribilgune berriarena. Proiektuaren nondik norakoak gertutik jarraitu dituzte, eta udalarekin harremanetan adostu dituzte xehetasun batzuk. Ordea, azken proiektuan ez dituzte jaso auzo elkartearen hainbat proposamen, eta horrekin ez daude batere konforme.
Auzo elkarteko zuzendaritza irailean berritu zuten, eta urrian udalarekin elkartu ziren, lehen aldiz. Hainbat gairen artean, biribilguneaz aritu ziren. «Biribilgunearen azken proiektua erakutsi ziguten. Aztertu ondoren, eskaera batzuk egin genituen, aurreko zuzendaritzak ere egin zituenak. Dena dela, ez dituzte proiektuan jaso, eta ez digute erantzunik eman. Duela aste batzuk lortu dugu behin betiko proiektua, eta eskaturiko proposamenik ez dago», deitoratu du Maite Barron Sarroetako presidenteak.
Hiru hobekuntza
Martuteneko biribilgune berria hobetzeko, auzo elkarteak hobekuntzen infografia bat osatu du. Lanak bukatu aurretik aintzat hartzeko hainbat aldaketa jasotzen ditu, eta udal gobernuari helaraziko diote datozen egunetan. Barronek aurreratu duenez, hiru dira biribilgunea «hobetzeko» eskatuko dituzten aldaketak: «Proiektuak aurreikusten duen zebrabidea aparkaleku batera doa, eta metro batzuk mugitzeko eskatu dugu. Biribilgunearen inguruko argiztapena ez da ona, eta segurtasuna bermatzeko argiteria gehiago beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Azkenik, bidegorriak ez du loturarik behin biribilgunera iritsita. Hori aldatzea eta seinaleztapen egokia jartzea nahi genuke».
Biribilgune berriak bi errei izango ditu, eta auzo elkarteak bakarra izatea eskatu arren, ontzat jo dute. «Izan ere, azpiegitura berriak behin-behinekoaren diametro bera izango du, nahi genuen moduan», adierazi du Barronek.
“Udalak dio biribilgune honek Martuteneko zirkulazioa berrantolatzeko balioko duela. Hori onura handia litzateke”
Maite Barron, Sarroeta auzo elkartea
Onurak
Lanak hasi dituztenez, auzo elkarteak biribilgune berriaren onurei erreparatu nahi izan die. «Praktikotasunean, istripu asko eragin ditu behin-behineko biribilguneak. Moto eta bizikleta asko irristatu dira, eta kamioiek ezin zuten ondo buelta eman. Espero duguna da segurua izatea, eta istripuak gutxitzea», azaldu du Barronek. «Udalak dio biribilgune honek Martuteneko zirkulazioa berrantolatzeko balioko duela. Hori onura handia litzateke auzoarentzat», gaineratu du auzo elkarteko presidenteak.
Hain zuzen ere, proiektuaren arabera, Martuteneko zirkulazioa bi bidetatik bideratuko du biribilgune berriak. Astigarragatik datozenek Tranbia kaletik joan ahal izango dute, eta Donostiatik datozenek Martutene pasealekua erabiliko lukete. «Auzoaren erdiko zona hori bi errepideren artean geratuko litzateke, baina tokia izango genuke bidegorria behar bezala jartzeko», nabarmendu du Barronek.
Auzo elkarte gisa, Martuteneko zirkulazioaren berrantolaketa bizilagunei azaldu nahi diete, eta haiekin hausnarketa bat sustatzeko asmoa dute. «Bizilagun guztiei irekia izango den bozketa bat egingo dugu, udalari aurkezteko. Gainera, auzoan kontsulta egitearen proposamena aho batez onartu zuen Donostiako Udalbatzak», gogoratu du auzo elkarteko presidenteak.
Biribilgunearen arrazoia
Martuteneko bizilagunek ez dute sekula begi onez ikusi behin-behineko biribilgunea, segurtasun arazoak sortzen zituelako. Hain zuzen ere, istripu asko eragin ditu azken urteotan. Halere, orain arte argitu ez dena da udalak zergatik jarri zuen auzoaren mutur horretan biribilgune hori. «Auzoak ez zuen biribilgune horren beharrik. Hor jarri zuten, baina ez auzotarrek eskatuta. Gure ustez, 26. lineako autobusek minutu batzuk irabazteko, eta buelta handiegia ez emateko jarri zuten. Beraz, bost urte luze daramatzagu behar ez genuen biribilgune batekin», azaldu du Barronek.