Hamargarrenez egingo dute minbiziaren aurkako lasterketa eta martxa solidarioa
Aurten, berrikuntza gisa, Zuhaitz Gurrutxaga izango da 1. dortsala.
Maiatzaren 12an egingo dute 10. Minbiziaren aurkako lasterketa eta martxa solidarioa. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak gaur goizean eman ditu xehetasunak, Donostiako Udaletxean egindako prentsa agerraldian. Dagoeneko izena eman daiteke helbide honetan.
Hamargarren urteurrena ospatzeko, hainbat nobedade prestatu dituzte. Esaterako, Gipuzkoako aurpegi ezagunen laguntza atxikitzea erabaki du elkarteak, eta, horrela, Zuhaitz Gurrutxaga lasterketako 1. dortsala izango da. Bestalde, Iñigo Manterola artistak aurtengo kamisetaren diseinua egin du. Nobedadeen artean, jolaserako eta zientziarako guneak ere jarriko dituzte, haurrek egunaz goza dezaten.
Lasterketa 5 kilometrokoa izango da, eta 10:15ean abiatuko da. Irteera eta helmuga Alderdi Ederren egongo da. Garaikurrak egongo dira lehen hiru sailkatuentzat, eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko lehenengo bazkideentzat, bai emakumeen eta bai gizonezkoen mailatan. Iaz bezala, 23 urtetik beherakoen kategoria ere egongo da. Kategoria berri honetako lehen korrikalari emakumearentzat eta lehen korrikalari gizonezkoarentzat garaikurrak ere egongo dira.
Lasterketaren ondoren, martxa eta ipar-martxa egingo dituzte. Biztanleria osoari zuzendutakoak dira, eta 11:45ean abiatuko dira Alderdi Ederretik, eta 3 kilometro eginda, leku berera itzuliko dira.
Dortsal solidarioa
Lasterketara edo martxara joan ezin duten pertsonek dortsal solidarioa erosteko aukera dute, beraien ekarpena egin ahal izateko.
Gipuzkoako ikastetxe ezberdinen arteko kartel lehiaketa ere egingo da. Egun horretan bertan, maiatzaren 12an, esango dira irabazleak parte hartu duten 500 haur baino gehiagoren artean.
Martxak hasi aurretik, 11:00etan, Eureka Dance-en eskutik zumba ekitaldi batez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Gainera, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako trikitilariek ere parte hartuko dute jai giroa sortu ahal izateko. Jatekoa eta edatekoa ere egongo da.