Janen izena eta izana Ibaetan
Ibaetan barrena ibili ziren larunbatean auzokideak eta Donostiako beste hainbat auzotako bizilagun ugari, auzoko bitxikeriak partekatzen. Janen ibilaldiaren bitartez, masifikazioak egunerokoan eta auzoaren bizigarritasunean izan dituen eraginak elkarrekin aztertu zituzten.
Gure hiriak baditu bere bitxikeriak eta elkarrekin, auzokideen eskutik, horietan sakontzea eta gure auzoaren memoria berpiztea zoragarria da. Janen ibilbideak urteak daramatza, 2012tik hain zuzen, gure hiriari aukera hau eskaintzen. Aurtengo auzoa Ibaeta izan dugu, eta bizilagunak eta auzoko hainbat elkartetako kideak bertan elkartu ziren, larunbatean, goiza pasatzen. Ibilaldia Nerea Lizarralde kazetariak eta Impact Hub elkarteko Victor Aspek eta Alvaro E. Olaizek gidatu zuten. Bidean zehar, hainbat elkartetako kideek eta bizilagunek istorioetan parte hartu zuten, haien bizipenak eta memoria plazerez partekatuz.
Gainera, munduko hainbat hiritan, baita ere, ibilaldi hauek antolatzen dira Jane Jacobs (Scranton, Pensilvania, AEB, 1916—Toronto, Kanada, 2006) aktibista eta hirigile feminista eta ekologista omentzeko, eta elkarrekin eskutik, hiriko eta auzoetako kaleak zeharkatzea, aztertzea eta begiratzea da helburua.
Halaber, Jacobsek ez zuen urbanisten eta arkitektoen artean arrakasta handirik izan, baina eragile sozialek eta mugimendu politikoek oso gertutik bizi izan dituzte bere pentsamenduak, ideologia eta bere lana.
Horregatik eta horretarako, Ibaetako auzokideak elkartu, kaleak aztertu, begiratu eta Jane Jacobsen gakoak errepasatu zituzten ibilaldian zehar, bere izaera eta izena guregan mantenduz.
Goruntz, Lugaritzetik Beriora
09:30ean elkartu ziren Lugaritzeko tren geltokian bizilagunak, xira eta euritakoekin. Ehun bat lagunek eman zioten hasiera egunari. Antolatzaileek QR kodea banatu, eta mugikorretan antzinako argazkiak ikusi ahal izan zituzten bizilagunek. “Etxe honen parean nire amona jaio zen” edo “zu ezagutzen zaitut, zein baserrikoa zen zure familia?”, entzun ziren ibilaldiaren hasierako zatian.
Zapatariko etxe okupatua izan zen lehendabiziko geldialdia. Autogestioan oinarritutako proiektua zen, 1988an jaio zena. Detritus artistak espazioaren kartelak erakutsi zizkien bizilagunei. Egun, Angela Figera izena du plazak. Josu Tellabide etnologo auzotarrak, baita ere, berak umetatik ezagutzen duen auzoaren bitxikeriak kontatu zituen, eta Zapatari frontoiaren ondoan egin berri diren igogailuak goraipatu zituen beste auzokideekin batera.
Ibaetako auzokideak elkartu, kaleak aztertu, begiratu eta Jane Jacobsen gakoak errepasatu zituzten ibilaldian zehar, bere izaera eta izena guregan mantenduz
Aurrera jarraituz, Loreatik paseatu, EHUko campusa zeharkatu eta Berioko eskailerak igo ostean, 250 urteko artearekin egin zuten topo. Oso tamaina handikoa da, baina, tamalez, eraikinez inguratuta dago. Bizilagunak espazio berdeen inguruan aritu ziren, eta BCCren proiektuaren eztabaida piztu zen, baita ere. Gure lurraren birikak dira espazio berdeak. Jakina badirela, eta horretan ez zen eztabaidarik piztu.
Euriaren presentzia umelarekin, ibilaldian parte hartu zuten ehun bat lagunek euritakoen babespean gorago egin zuten, eta Koldo Mitxelena parkera iritsi ziren. Berdin zion euriak. Bizilagunak horretarako prest zeuden eta plazerez aritu ziren eztabaidan. Berioko etxebizitza familiar eta plano zabala alde batetik, Atotxako dorrea, adibide hartuta, bestetik. “Nola eraiki behar dugu gure hiria? Zein baldintzak hartu behar ditugu kontuan?”, galdetzen zioten elkarri.
Beruntz, Beriotik zuhaitz igela bisitatzera
Koldo Mitxelena parketik Illarra bideko El Gallinero espazio artistikora jaitsi zen taldea. 2013. urtean, tailerrak egiteko espazioa behar, eta pabiloi batean instalatu ziren hainbat artista. Xabier Baztarrikak fin azaldu zien bizilagunei espazioak kolektiboari eskaini zizkion aukera guztiak, eta hauek, artisten obrak eta lanerako espazioa barrutik ezagutu ahal izan zituzten.
Ostean, aldapan behera jarraitu eta Hegoaldeko zuhaitz igela dagoen putzura bisita egin zuten. Igarako industria gunean eraikitako putzuak hainbat urte ditu, eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak 25 urte baino gehiago daramatza igelaren defentsan. Ibaetako Gurelesa enpresaren ondoko urtegian igeltxoaren populazioaren %85 zegoen, eta hiriko ugaltoki bakarra zen. 2001Ean, Haritzalde, Aranzadi, eta Gipuzkoako Foru Aldundia akordio batera iritsi ziren, espeziearen kudeaketa plana garatzeko. Antza, badaude batzuek arrain gorriak bota ohi dituztenak eta honek, igelen ugalketa eta kontserbazioak zailtzen dituela azaldu zuen Haritzalde elkarteko Xabier Rubio kideak.
Kaleetan ezer ez gertatzen ez bada, dendarik eta komertziorik gabeko espazioak bihurtzen badira eta bizilagunek ez badute espazio publikoa erabiltzen, auzoa ez da inoiz atsegina eta bizigarria izango
Igelak atzean utzi eta Portuetxera bidean abiatu ziren bizilagunak, zortez, jada, euririk gabe eta eguzkiaren berotasunean hezetasuna gorputzetik askatzen.
Orduan, bai, Jane Jacobs aktibista feminista benetan izutuko litzateke Portuetxeri egin diotena ikusiko balu. Edozeinek ikusi beharko luke industriak eta masifikazioak izan duen eragina. XVI. mendeko baserria da eta 1982tik ospe handiko erretegia. Jatorrizko egitura babestua izan da, baina inguruak guztiz kaltetu eta ilundu du espazioa. Izenak adierazten duen moduan, txalupak Donostiatik eta Antiguatik bertaraino heltzen ziren. Emakume batek kontatu zuen bere birraitonak txalupan eraman zuela Usurbilgo familia bat eta euren umea, Santa Maria elizara ume txikia bataiatzera.
Eta amaitzeko, zuzen Errotaburura
Ibilaldiaren azken tartean, Oihana Santolaria arkitekto, EHUko irakasle eta auzoko bizilagunak auzoaren ikuspegi orokorra eskaini zuen, eta, irudien bitartez, landa eremua eta industrializazioa azaldu zituen. Santolariak azaldu zuen moduan, Jacobsek argi zuen: kaleak ez dira eraikinak, kaleak bizilagunak dira, eta hori da garrantzitsuena.
Komunitatea eta hauen arteko harremanak dira auzoak sendotzeko gai direnak eta kaleetan ezer gertatzen ez bada, dendarik eta komertziorik gabeko espazioak bihurtzen badira eta bizilagunek ez badute espazio publikoa erabiltzen, auzoa ez da inoiz atsegina eta bizigarria izango.
Finean, aktibista urbanista humanista zen Jane Jacobs. Feminismoa, zaintzak eta hirien eta auzoen bizigarritasuna erdigunean zituen. Janeren izatea izango ote da hiri honek behar duen esentzia? Halaxe da.