Donibane Lohizuneko hilketa matxista salatzeko mobilizatuko dira Donostian
Joan den ostiralean hilketa matxista bat gertatu zen Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta, hori salatzeko, mugimendu feministak mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan; Donibane Lohizunen ere mobilizatu ziren, astelehenean. Donostian, gaur (hilak 7) elkarretaratuko dira, 18:30ean, Bulebarrean.
Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak azaldu zuenez, 33 urteko emakumearen hilketa “krimen bortitza” izan zen. Halaber, “feminizidioa” aipatu zuen prokuradoreak, eta aurrez prestatutako hilketa bat izan daitekeela uste du. Frantziako legediak bizi guztiko kartzela zigorrarekin zigortzen du delitu hori. Bestalde, Bourrierrek nabarmendu zuen hildakoaren bikotekidea, ustezko hiltzailea hain zuzen ere, atxilotua izango dutela epaiketa egin arte; 37 urteko gizona gorpua aurkitu bezain laster atxilotu zuen Poliziak.