Scientia Karmelok ikastetxearen itxieraren aurkako lehen greba eguna izan du gaur
Langileek elkarretaratzea egin dute Andia kalean. Datozen egunetan ere mobilizazioak izango dituzte: bihar, elkarretaratzea egingo dute ikastetxearen atarian; etzi, berriz, manifestazioa, Bulebarretik.
Scientia Karmelo ikastetxeko langileek sei eguneko grebaren lehen jardunaldia izan dute gaur. Ikastetxeko langileek elkarretaratzea egin dute eguerdian, Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, “Hezkuntza Sailak enpresa batzuei itunpeko hezkuntzarekin negozioa egitea ahalbidetu diela” salatzeko.
Gogoratu dutenez, ikastetxea funts publikoekin finantzatuta dago, baina aldi berean, irakaskuntzatik kanpo dauden enpresei hezkuntza sisteman sartzea ahalbidetu die Eusko Jaurlaritzak. Hala, ikastetxearekin negozioa egin izana salatzen dute langileek, eta nabarmendu dute, ikastetxearen itxieraren atzean, hirigintza eta higiezin kutsuko negoziazioak egon daitezkeela.
Lanuzteen lehen egunean, ELA sindikatuak greba egunen balorazio baikorra egin du eta ikastetxeko 42 langileen lanpostuak eta lan baldintzak mantentzeko eskatu du. Salatu duenez, “Eusko Jaurlaritzaren eta Hezkuntza Sailaren erantzukizuna” da itunpeko ikastetxe hori ixtea, eta ikastetxearekin egindako negozioa ahalbidetzea.
Langileek, beren aldetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin biltzeko eskatu dute, “gatazka” horri irtenbide bat emateko asmoz. Bien bitartean, protestekin jarraituko dute bihar eta etzi, eta manifestazioa egingo dute ostegun goizean, udaletxetik, 11:00etan.