Udaletxean Turismo Bulegoa eta Udalinfo bulego bat jartzeko lanei berrekingo diete
Iazko urritik lanak geldirik egon ostean, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onartu egin du udaletxeko beheko solairua eraberritzeko lanen kontratuaren bigarren aldaketarako espedienteari, bertan Turismo Bulego berria eta herritarren arretarako Udalinfo bulego bat jartzeko.
Udaletxeko beheko solairuan Turismo Bulegoa jartzea aurreikusten zen, baina udalak lanak etetea erabaki zuen iazko urrian, Turismo Bulegoaz gain, Udalinfo bulego bat ere jartzeko. Horrela, Eneko Goia alkateak nabarmendu du datozen asteetan emango diotela behin betiko onarpena aldaketari eta orduan berrekingo dietela lanei. Halaber, azaldu du aurreikusten dutela “urrirako edo azarorako” prest egongo direla Turismo Bulegoa eta Udalinfo bulegoa. Alkateak nabarmendu du “erabaki ona” dela herritarrentzako arreta “udaletxera itzultzea”.
Udalaren eraikineko beheko solairuan herritarrei arreta emateko 23 postutarako gune bat eta itxaroteko gune bat egingo dira, baita arreta turistikorako eremu bat ere. Berregituraketa horren ondorioz, aurrekontua 117.866 euro handituko da. 1.880.000 euro inguruko aurrekontua zuen proiektuak lanak eten aurretik.