Ancient Settlers donostiar metal taldeak 'Subversive' single berria argitaratu du
Ancient Settlers melodic death metal talde donostiarrak Subversive singlea argitaratu du, hirugarren eta azken aurrerapena. Maiatzaren 17an plazaratuko dute Scarlet Records diskoetxe italiarrarekin —25 urte baino gehiago dituen zigilua— bigarren diskoa. Beste bi aurrerapenak Wounded Heart eta Coven Garden dira.
Boskotea, jada, prest dago Oblivion’s Legacy bigarren diskoarekin jauzia emateko eta diskoetxeak, ohar baten bitartez, nabarmendu duen moduan “Europako eszenan berehala ospe izugarria lortu duen taldea da eta orain, bigarren lanarekin, beste koska bat igotzeko irrikaz daude”.
Halaber, Argen Death liderraren “ahots basatiak” gidatuta, taldea “konfiantza osoz” dabil melodeath eszenan, erritmo lodiak eta lelo itsaskorrak menperatuz. Giza existentziala, gizabanakoa eta espezie gisa uzten dugun ondarea dira lan kontzeptual honen gai nagusiak eta taldeak gaineratu duenez, “letrek gure ekintzen eragina, aurrez aurre ditugun borrokak eta guztiok zain izango dugun azken helmuga jasotzen dituzte”.
Taldeko kideak, Carlos Chiesa-Estomba (gitarra eta ahotsak), Miguek Herrera (baxua), Argen Death (ahotsa), Agustin Martinez (gitarra) eta Herman Riera (bateria) dira, eta lau urtetan iraupen luzeko bi disko eta lau EP argitaratu dituzte.