«Badirudi gure lana gustuko dugunez ez genukeela kobratu behar»
Donostiako hainbat estudio elkartu dira 'Bira' egitasmoa sortzeko. Ostegunetik larunbatera ateak irekiko dituzte, herritarrei bertan egiten duten lana erakusteko eta hari balioa emateko helburuz.
Bakardadea deskribatzen dute artista askok euren lan prozesuaz galdetzean. Bakarka pentsatu, sortu, egin… ondoren kolektiboan emaitzaz disfrutatzeko. Jone Zubizarreta (Arrasate, Gipuzkoa, 1984) AZPI kultur elkarteko kidea da, eta zeramikaria ofizioz. Berak argi dauka bakardade hori saihesteko «saretzea» dela konponbidea. Horregatik, Bira sortu dute, «Donostiako artistak elkartzeko eta indartzeko proiektua»; bihar hasi eta larunbatean bukatuko da. Sortzaileen estudioak irekiko dituzte, jendeak bertako lana ikus dezan.
Nondik nora sortu da Bira proiektua?
Saretze bat da Bira. Betidanik jakin izan dugu sormen lana ogibide bakartia dela, eta elkar ezagutzea eta elkarren artean indartzea behar bat bihurtu da, bereziki Donostian. Betidanik aipatu izan dugu horrelako zerbait egin behar genuela, eta azkenean hemen da.
Sortzaileek zailtasun asko dauzkate Donostian?
Hiri garestia da, dudarik gabe. Bertan estudio bat erostea edo alokatzea oso zaila da, eta horrek ez du laguntzen. Bilbon, adibidez, maizago egiten dituzte Biraren moduko jarduerak, alde batetik Arte Ederren Fakultatea han dagoelako, eta, bestetik, hiriak onerako baldintzatzen duelako.
Hiru eguneko jarduerak antolatu dituzue…
Hori da. Ostegunean hasi eta larunbatean amaituko da. Donostiako hamabost estudiok ateak irekiko dituzte, jendeak ikus dezan bertan zer lan egiten den eta nola egiten den. Hamalau Donostiakoak dira, eta beste bat Hernanikoa [Gipuzkoa].
Hamabost estudio. Denak diziplina berekoak?
Ez. Zeramikariak, bitxigileak, ilustratzaileak, margolariak… daude; aniztasun handiko estudioek irekiko dituzte ateak.
Donostia ez da hiri erraldoia. Saretzeko beharra dagoela diozu, baina lehenagotik elkar ezagutzen duzue?
Normalean, horrelako lanak ditugunok askotan elkar ezagutzen dugu, baina ezer lotu gabe. Gure lanak askotan intersekzionatu egiten dira; hau da, askotan, adibidez, diseinatzaile batek serigrafian dabilen norbait behar du. Modu organikoan sortutako harremanak izaten dira, ez helburu batekin lortutakoak. Modu profesional batean elkartzea behar genuen, eta horretarako da Bira.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.