Bueltan da Inmaterial jaialdi esperimentala
Tabakaleran eta Daba Daban ospatuko da, 16tik 18ra bitartean, digitalaren inguruko paradigma berriak ikertzera bideraturiko jaialdia.
Inmaterial jaialdi esperimentalaren —digitalaren inguruko paradigma berriak ikertzera bideraturiko jaialdia— laugarren urtea datorren asteko 16tik 18ra ospatuko da, Tabakaleran. Living the Uncanny da festibalaren izenburua eta aurtengo topaketetan, lehendabiziko aldiz, Daba Dabak lokala eskaini du, musika elektronikoko eta ikus entzunezko emanaldi esperimentalen programarako.
Topaketa hauen helburu nagusia gaur egungo egoera eta teknologien erabilerari heltzea da, baita, digitalaren alde estetiko, sozial eta politikoa aztertzea ere. Halaber, erreferentziazko komunitateak inplikatu nahi dituzte elkarrizketen, aurkezpenen, solasaldien, podcasten eta kontzertuen bitartez. Gainera, “eremu digitalean esperimentazio artistikorako eta praktika kulturalerako gune bat” izatea bilatzen dute, eta horretarako, ingurune bat sortzea proposatzen du, “non fisikoa eta birtuala, sorkuntza praktikoa eta teorikoa, ludikoa eta politikoa nahasten diren eta elkarri eragiten dioten”.
Albina & Divina, Alizee Armet, Antton Goikoetxea, Artefacto films, Chenta Tsai Putochinomaricon edo Toni Navarro, besteak beste, parte hartuko dute aurtengo jaialdian. Informazio guztia webgunean dago ikusgai.