Asteburuan egongo diren kirol probek hiriko garraioan eta trafikoan eragina izango dute
Asteburuan egongo diren Itzulia Women 2024 eta Minbiziaren aurkako martxa eta lasterketa hiriko garraioan eta trafikoan eragina izango dute. Izan ere, maiatzaren 11ko 18:30etik maiatzaren 12ko 18:00etara Bulebarreko errepidea itxita egongo da —autobusak eta taxiak barne—, eta maiatzaren 12an, Kontxako pasealekua, baita ere, itxita egongo da 10:00etatik aurrera.
Horregatik, Erdialdea, Gros, Amara, Antigua eta Añorgan eragin nabarmena izango duten ezinbesteko trafiko neurriak hartu behar izan dituela adierazi du udalak, ohar baten bidez. Halaber, hauek eragin zuzena izango dutela garraio publikoan eta gainerako trafikoan nabarmendu dute.
Eragin zuzenak
Larunbateko 18:30etik igandeko 18:00etara Bulebarra itxita egongo da trafikoarentzat, taxi eta autobus geltokiak barne, Legazpi kaletik Hernani kalearen hasierara arte.
Igandean 09:30ak aldera itxiko dira hainbat kale, 10:30ak arte, eta 11:30ak aldera berriro moztuko da hiriko zirkulazioa lasterketa amaitu arte, 14:00 inguru. Ordutegiek lasterketen gorabeheren ondorioz aldaketak izan ditzakete.
Hauek dira aldaketak izango dituzten kaleak: Bulebarra, Zurriola zubia, Ramon Maria Lili, Euskadi plaza, Frantzia Pasealekua, Federico Garcia Lorca, Urumea Pasealeku, Jose Antonio Agirre zubia, Zuaznabar, Pio XIIaren plaza, Pedro Manuel Collado, Morlans biribilgunea, Izostegi Pasealekua, Lazkano Plaza, Muntoko tunela, Lugaritz Pasealekua, Lugaritz biribilgunea, Lugaritz Pasealekua, Amerika biribilgunea eta Tolosa hiribidea.
Pasealeku Berria trafikoari itxita egongo da, maiatzaren 12ko 06:00etatik 19:00ak arte, gutxi gorabehera. Itxiera Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eraikinetik aurrera egingo da Aquariumera arte. Autoek, maiatzaren 11tik, bezperatik, ezingo dute bertan aparkatu.
Bestalde, igandean bertan ere, Minbiziaren aurkako lasterketa dela eta, Kontxako pasealekua itxita egongo da 10:00etatik aurrera, eta 11:30ak aldera amaituko da. Ibilbidea honakoa da: Alderdi Eder, Hernani, Andia, Miramar, Askatasunaren Hiribidea, Easo, Zubieta, Mirakontxa Pasealekua, Satrustegi etorbidea, Funikular plazatxoa, Mirakuntxa Pasealekua eta buelta leku berera.
Portua eta Ulia
Portuko irteerak, Ijentea, Bulebarra, San Jeronimo, Abuztuaren 31, Soraluze eta Aldamar kaleak dira eta sarrerak, 10:00ak arte, Peñaflorida, Hernani —kontrako noranzkoan—, Ijentea eta Portua kaleak; aldiz, 10:00etatik aurrera, Salamanka, General Jauregi, San Juan, Abuztuaren 31, Nagusia eta Portua kaleak.
Bestalde, 11:00etatik 14:00etara, Uliaren magaleko bizilagunek Mendiola Bidetik eta Guardaplata Bidetik Trintxerpeko biribilgunera irten eta sartu ahal izango dira, Herri Ametsa Ikastolako instalazioak zeharkatuz.
TAO
TAO 1-1 sektorerako baimena duten egoiliarrek baimena izango dute hiriko Aparkaleku Mugatuko Guneetako gainerako sektoreetan aparkatzeko, TAO Txartela dutenen baldintza berdinetan, maiatzaren 8tik 13ra, biak barne. Hala ere, egoiliar hauek ezin izango dute beren ibilgailua dohainik aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan —15 eremu guneetan— araututako ordutegiaren barnean.