Donostiak bat egingo du Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunarekin
Etzi, hilak 11, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna izango da, eta Donostiako Udalak egitarau berezia aurkeztu du. Hain zuzen ere, Donostiako Bidezko Merkataritzako taldeak (Adsis Fundazioa, Emaús Fundazioa, Proclade, Intermón Oxfam, Proyde-Proega, Setem eta Alboan) eta udalak elkarrekin antolatu dute.
On egiten dio mundu guztiari lelopean, hainbat jarduerez osaturiko programa eskainiko dute Gipuzkoa plazan, 10:30etik 14:30era. Nazioarteko egun honen bitartez, gogora ekarri nahi dute arropa, kafea edo norberaren zaintzarako produktuen atzean lan baldintza kaskarrak, haurren esplotazioa eta basoen suntsiketa daudela, besteak beste.
“Guk, kontsumitzaile garen aldetik, ekoizpen-kate horien atzean dagoen giza esplotazioaz eta lan-esplotazioaz jabetu behar dugu, soldata txikiekin, lanaldi amaigabeekin, haurren eskulanaren erabilerarekin, kostuen azpiko prezioekin eta, horri kontrajarrita, ekoizpen katearen beste aldean etekin itzelekin, lehen munduko herrialdeetan”, adierazi du Cristina Lage Aniztasunezko zinegotziak.
Gipuzkoa plazan bidezko merkataritzako produktuak erosi ahal izango dira; hala nola, elikadura, arropa eta kosmetika. Produktuak dastatzeko postu bat jarriko dute, eta txotxongilo lantegi bat egingo dute. Gainera, clown batek goiza girotuko du, jendea bidezko merkataritzaren inguruan sentsibilizatuz.
Berrikuntza gisa, aurten “zentzumenen gunea” jarriko dute. Gune horretan, egunerokotasuna bidaia sentsorial bihurtuko da, bidezko merkataritzako lau altxorren zaporeak, lurrinak eta testurak bateratuz, eta Unai Gaztelumendi ilustratzaileak horma irudi sortzaile batean jasoko du jardunaldia.