Hogei urte geroago, pozik eta harro
Gero Axular dantza taldea 2004. urtean sortu zuen Aieteko Axular Lizeoko guraso talde batek. Ordutik, euskal dantza eta folklorea sustatzen aritu dira ilusio eta ahalegin handiarekin. Atzera begira jarri direnean, harrituta geratu dira hogei urtetan lorturikoarekin. Hori dela eta, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte urteurrena behar bezala ospatzeko.

Hilabete inguru falta da Gero Axular dantza taldeak hogei urte betetzeko. 2004ko ekainaren 28an sortu zuen Aieteko Axular Lizeoko guraso talde batek, euskal dantzako eskolen jarraikortasuna bermatzeko. Hogei urte beranduago, helburu hura oso presente dute, euskal dantzaren orainak ziurtatuko duelako geroa.
Aieten bertan duten lokalean elkartu gara dantza taldeko hiru kiderekin. Juan Luis Unzurrunzagak (Aiete, 1963) zabaldu dizkigu ateak. Dantza taldearen guraso sortzaileetako bat ez ezik, dantza irakaslea eta ikuskizunen zuzendaria eta koreografoa ere bada. Hogei urteotan landu duten altxor preziatuenaren lagin bat erakutsi digu. Aieteko egoitzan dituzte Euskal Herriko jantzi tradizionaletan oinarrituriko 60 diseinu baino gehiago. Bulegoan, berriz, bi dantzari gazte ditugu zain: Garazi Iparragirre (Zubieta, 2004) eta Nora Laskurain (Aiete, 2010). Iparragirrek lotura zuzena du Gero Axularrekin, haren gurasoak erabat murgilduta daudelako dantza taldean. Andoni Iparragirre aita taldeko musikarien zuzendaria da, eta Ane Martinez ama jantzien diseinuen sortzailea.
Hiruekin elkartzean, galdera hau luzatu diegu: Hogei urte asko ala gutxi dira euskal dantza talde batentzat? Unzurrunzaga izan da erantzuten lehena: «Asko dela esango nuke, oso dantzari gutxik irauten dutelako horrenbeste urte dantza talde batean. Dantzak asko eskatzen du, ordu asko, denbora asko, konpromisoa… Beraz, bai, asko da. Duela 40 bat urte, 14-15 urterekin hasten ginen dantzan, eta soldaduskara joatean edo itzultzean uzten genuen, 21-22 urterekin. Gerora, hori aldatu egin zen, eta jendeak 28 urtera arte jarraitzen zuen dantzan. Gaur egun, batez beste 30 urte bete arte irauten dute dantzariek dantza taldeetan».
Iparragirre eta Laskurain iritzi berekoak dira, baina askoz ere gazteagoak izanik, bestelako ikuspegia dute. «Atzetik duen lana ikusita, hogei urte asko dira. Izan ere, Euskal Herrian lan asko egin behar da euskal dantzak erakusteko. Niri zenbaki polita iruditzen zait», adierazi du Iparragirrek. «Euskal Herrian euskal dantzekiko lotura galtzen ari da. Horregatik, Gero Axularrek hogei urte betetzea paregabea da. Batez ere, txikitasunetik asko handitu delako», gehitu du Laskurainek.
Unzurrunzagak hogei urteak daramatza Gero Axular taldean, baina askoz ere lehenago hasi zen dantzan: «Donostian jaio arren, Lasarte-Oriara joan ginen bizitzera. Han hasi nintzen dantzan, 14 urterekin, Lasarte-Oriako lehen ikastola sortu berrian. Ondoren, Donostiako Eskola dantza taldean sartu nintzen, eta han 25 urte eman nituen zuzendari eta koreografo moduan».
Hain zuzen ere, Eskola dantza taldean zebilela, Axular Lizeotik deitu zioten euskal dantza klaseak emateko. «Garai hartan, jende gutxi aritzen zen dantzan, eta neska-mutilak LH 2 mailan hasten ziren. Horri indarra emateko, euskal dantza LH 6 mailara arte derrigorrezko ikasgaia izatea erabaki zuen ikastetxeak», esan du Unzurrunzagak. Horri esker, eskolaz kanpo ere ematen zituen dantza klaseetara dantzari asko pasatu ziren: «Hogeita hainbat dantzari egotetik, 40 izatera pasatu ginen. Orduan, ikastetxeak erabaki zuen dantza klaseak kentzea, eta eskolaz kanpoko jarduera moduan mantentzea».
Egun seinalatua
Axular Lizeoak 2004an antolatu zuen ikastetxearen eguna erabakigarria izan zen Gero Axular dantza taldea sortzeko. «Frontoian egindako bazkarian hainbat guraso elkartu ginen. Euskal dantzekin zerbait gehiago egiteko gogoa genuen batzuok, eta horrela sortu zen taldea sortzeko ideia. Izan ere, ikuskizunak egin eta bidaiatu nahi genuen. Hori 2004ko ekainaren lehen larunbatean izan zen, eta hilabete bukaeran dantza taldea osatu genuen. Lehenbailehen egitea erabaki genuen, irailean neska-mutilek izena emateko eta dena abian jartzeko», gogoratu du Unzurrunzagak.
Dantza taldeari ezin izan zioten Axular izena jarri, baina antzeko deitura izatea adostu zutela dio Unzurrunzagak: «Orduan, pentsatu genuen Pedro Agerre Axular euskal idazlearekin lotura izan zezakeen beste izen bat erabiltzea. Egia esan, ez genion buelta askorik eman. Axularrek idatzitako lehen liburua Gero izan zen, eta horixe bera hautatu genuen. Hasieran, Gero soilik erabili behar genuen izen moduan. Azkenik, ordea, Gero Axular izena jarri genion taldeari».
Iparragirrek eta Laskurainek txikitatik ezagutzen dute dantza taldea. «5 urte nituenean sartu nintzen, euskal dantza asko gustatzen zitzaidalako, eta, orduan, Juan Luisek aukera eman zidan Argitxoren rola egiteko ikuskizun batean. Ni baino zaharragoak direnekin hasi nintzen dantzan. Hamabost bat urte daramatzat dantza taldean, eta niretzako pasio bat bihurtu da», dio Iparragirrek. «Ni ere 5 urterekin sartu nintzen taldean, eta denbora batez utzi nuen arren, bueltatu eta gogotsu jarraitzen dut gaur egun. Txikitatik gustatu zait euskal dantza, gure familian euskal kultura betidanik presente izan dugulako», nabarmendu du Laskurainek.
Bilakaera gorabeheratsua
Hogei urteotako bidea gorabeherez beterikoa izan dela aitortu du Unzurrunzagak: «Hasieran, lizeoko gutxi batzuekin egiten zuten euskal dantza. Lehen ikuskizunarekin eta nazioarteko jaialdi batera lehen aldiz joan ginenean, askok eman zuten izena. 300 dantzari izatera iritsi ginen. Pentsa, euskal dantza ikasleen lehen jarduera izan zen Axularren, futbolaren aurretik. Pandemiak, ordea, sekulako mina egin zion euskal dantzari, eta baita guri ere. Jende aldetik, beherakada nabarmena izan genuen. Geroztik, mantendu gara, eta pixka bat hobera egin dugu, baina beherakada hura ez dugu berreskuratu». Gaur egun, 200 bat dantzari dituzte, eta hori kopuru esanguratsua dela uste du. «Lan askoren fruitua da. Euskal Herrian euskal dantzak duen osasunarekin alderatuta, oso ondo gaudela uste dut».
Orduan, zein izan da hogei urte irauteko gakoa? Unzurrunzagak oso argi dauka: «Hasieratik, erraz antzeman genituen haurrak dantzan hasteko eta uzteko arrazoiak. Hausnarketa bat egin genuen, eta konturatu ginen argi eta musika modernoak gustuko zituztela. Orduan, bi joera horiek lantzea erabaki genuen. Batetik, euskal dantza tradizionala, niretzat oinarrizkoena, eta, bestetik, taularatze garaikidea. Ikuskizunetan argi eta musika modernoagoak erabiltzearen alde egin genuen, beti ere, errepertorio tradizionaletik abiatuta».
Horrekin batera, nazioarteko jaialdietara joateak dantza taldearen bizitza hauspotu duela iruditzen zaio: «Atzerrira joatean, dantzariak konturatu dira kanpoan gure kultura asko estimatzen dutela. Hemen edozein plazetan euskal dantza erakustaldi bat arruntagoa da, baina atzerrian gu ikustera eta txalotzera etortzen dira. Horregatik, dantzariak gure kulturaz harro itzultzen dira».
Ikuskizunak ikuskizun
Gero Axularrek zortzi ikuskizun propio taularatu ditu hogei urteotan: Sasi Artean (2005-2006), Lamien Basoa (2007-2008), Talaia (2009-2010), Xereta (2011-2012), Argizaiola (2013-2014), Itzal Galdua (2015-2016), Agorrila (2017-2019) eta Higa (2021-2023). Ikuskizun guztien ideia originala, koreografia eta zuzendaritza Unzurrunzagarenak dira. Ikuskizun bakoitzaren atzean bi urteko lana dagoela dio: «Euskal Herrian gertaturiko pasarte historiko bat kontatzea da bakoitzaren oinarria. Bakoitza bere tokian eta denboran kokatu, eta jantziak garai bakoitzera egokitzen ditugu. Koreografiak ere desberdinak dira, hautaturiko dantzen araberakoa delako».
Ikuskizun bakoitza «berezia» dela adierazi du Unzurrunzagak, taldearen «unean uneko egoera» islatzen duelako. «Lehen ikuskizunetan, dantzariak oso gaztetxoak ziren. Aldiz, azken lau lanekin, jauzi ikaragarria eman dugu. Dantzari trebatuagoekin lan egiteak aukera gehiago ematen ditu. Eszenografia eta koreografia landuagoak dituzte azken ikuskizunek», nabarmendu du.
Bederatzigarren ikuskizuna ere nahiko aurreratua dutela aitortu du Unzurrunzagak, baina ez du ezer aurreratu nahi izan: «Urteurreneko ospakizunen eta emanaldien arabera izango da. Horrela ere, datorren urtean estreinatzea gustatuko litzaiguke».
Nazioartean eredu
Mundu osoko 52 folklore jaialditan parte hartu du Gero Axularrek, eta hainbat sari jaso dituzte dantza lehiaketetan. «Asko dira, eta horietako asko lehen mailakoak. Europa alde batetik bestera bisitatu dugu», dio Unzurrunzagak. Dena dela, orain arteko azken mugarria iazko urrian ezarri zuten, Txinako Taiyuan hiriko nazioarteko lehen folklore jaialdian parte hartu zutenean. «Oso harro gaude hara joan izanaz. Lehen aldiz, Txinak nazioarteko dantza jaialdi bat antolatzea erabaki zuen. Horretarako, bost kontinenteetatik dantza taldeak eraman nahi zituzten. Europatik bi soilik joan ziren, eta bat gu ginen. Mundu osotik zazpi, eta horietako bat gu», adierazi du Unzurrunzagak.
300.000 ikusle inguruk ikusi zituzten bertatik bertara dantzan, eta telebista bidez egindako zuzeneko emankizunak milioika ikusle izan zituen. Gero Axularrek 18 eta 25 urte bitarteko bederatzi dantzarik osaturiko euskal ordezkaritza eraman zuen hara, eta dantzarietako bat Iparragirre izan zen: «Izarren pare sentitu nintzen. Han bizitakoa hitzez kontatzea ez da erraza. Surrealista eta ikaragarria izan zen. Hara iristean miretsiak sentitu ginen, sinadurak eskatzen zizkiguten, gure autobusaren atzetik ibili zen jendea…».
Txinara joan aurretik, beste hainbat herrialdetan dantzatu du Iparragirrek: «Juan Luisek lehenago aipatu duen harrotasuna sentitu dut atzerrian. Nire lehen bidaia LH 5 mailan izan zen. Alemaniara joan ginen, aurten Nora joango den leku berera. Ordutik, Gero Axularrek aukera eman dit urtero bidaia bat egiteko, mundua eta kultura asko ezagutzeko. Alemania ez ezik, Hungaria, Italia, Portugal eta beste hainbat herrialde bisitatu ditut azken urteotan».
Ospakizunak
Hogei urteko ibilbidea ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Gero Axularrek. Apirilaren 21ean egin zuten lehendabizikoa, Tolosako Leidor antzokian. Egungo dantzariek eta dantzari ohiek parte hartu zuten, eta sarrerekin bildutako dirua ApoyoDravet elkarteari emango diote. «Gure taldeak betidanik izan du izaera solidarioa, eta urteurreneko ospakizunetan indartuko dugun gauzetako bat da», aipatu du Unzurrunzagak.
Aurrera begira, bi emanaldi esanguratsu prestatu dituzte, eta biak Donostian egingo dituzte. Abuztuaren 13an, Aste Nagusi betean, nazioarteko folklore jaialdietako piezak eskainiko dituzte Parte Zaharreko Plaza Berrian. 11 eta 25 urte bitarteko dantzariek parte hartuko dute. «Atzerrira joaten garenean, euskal dantza da erakusten duguna. Hori da gure benetako altxorra, ehunka urte dituena», nabarmendu du Unzurrunzagak. Urriaren 19an, berriz, Viktoria Eugenia antzokian urteko emanaldi garrantzitsuena egingo dute. «Urte hauetan guztietan taldean parte hartu duten musikariekin eta Easo Abesbatzarekin batera, egindako ikuskizunetatik ateratako koreografia sorta bat aurkeztuko dugu», azaldu du Unzurrunzagak.
Urteurrena borobiltzeko, Gero Axular dantza taldearen orain arteko historia dokumental batean jasoko dute, ondo bidean, 2025ean estreinatzeko.