Guardetxea auzoarentzat izatea eskatu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak
Parte Zaharreko eraikina okupatu dute era sinbolikoan, eta astebururako egitarau bat prestatu dute han aurrera eramango dutena.
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Guardetxea okupatu du, eta udal gobernuaren ordezkariei bilera bat eskatu diete mezu argi batekin: “Guardetxeak auzoarentzat, eta bereziki auzoko gazteontzat izan behar du!”. Atzo arratsaldean, hainbat gazte igo ziren Parte Zaharreko eraikinera okupazio “sinbolikoan” parte hartzera. Han bertan egin zuten prentsari eta auzoari zuzenduriko agerraldia.
𝗚𝗨𝗔𝗥𝗗𝗘𝗧𝗫𝗘𝗔 𝗔𝗨𝗭𝗢𝗔𝗥𝗘𝗡𝗧𝗭𝗔𝗧! ✊🏼 pic.twitter.com/UMRefKb3L8
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada ★ (@AZgazteak) May 10, 2024
Bihar arte luzatuko duten okupazioa babestu eta antolatu duten egitarauan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Auzolanak, hitzaldiak, proiekzioak, musika, ipuin kontaketa eta txokolate jana egingo dituzte, besteak beste. Horrekin batera, bihar 18:00etan egingo duten gaztetxeen eta proiektu autogestionatuen aldeko mobilizaziora deitu dituzte.
“Ez dugu beste museo, arte edota erakusketetarako galeria bat irekitzerik nahi, Guardetxea urte luzez izan baita auzoko eta Donostiako gazte ugariren erreferentziazko elkargunea, bai eta modu asanbleario eta autogestionatu batean hamaika proiekturi bizia eman dion lekua”, nabarmendu dute gazteek. Gainera, duela urtebete pasa adierazi zutena gogora ekarri dute: “Auzoko eta Donostiako gazteok ditugun behar ugari asebeteko lituzke espazio honek, eta AZGAtik prest geundeke esleipen baldintzak adosteko”.
AZGAk aspaldi abiatu zuen espazio bat lortzeko “borroka”. Uxotegi, Kijera gaztetxea eta aurretik egindako beste hainbat eraikinen okupazioak aipatu dituzte. Ordea, gaur gaurkoz, oraindik, “espaziorik gabe” jarraitzen dutela deitoratu dute.