Arartekoak aurretiazko ordu eskaera kentzeko gomendatu dio Donostiako Udalari
EAEko Arartekoak udalari gomendatu dio “edozein izapidetarako aurretiko ordua ematearen derrigortasuna kentzeko eta sistema hori borondatezko aukera gisa ezartzeko”. Euskadiko herriaren Defendatzailearen ustez, ez dirudi aurretiaz ordua hartzea nahitaezkoa izateko justifikatzen duen araudirik dagoenik, eta, beraz, interes orokorrean aurkakoa den neurria litzateke.
Arartekoak ohar bidez azaldu duenez, herritar batek Donostiako Udalari galdetu zion ea zergatik hartu behar den ordua derrigorrez, aurrez aurreko jarduerak egiteko. Arartekoren arabera, udalak sistema egokia dela esanez erantzun zion, eta hala, herritarren arretarako zerbitzu publiko hobea eman dezaketela.
Erantzun hura jasota, herritarrak Arartekoarengana jo zuen erreklamazio bila, “erantzunarekin ados ez zegoela adierazteko”. Defentsa erakundeak administraziora jo zuen ondoren, antolamendu irizpideei eta irizpide teknikoei buruz galdetzera. Azaldu dutenez, nahitaezko aurretiazko ordu eskaera ezartzeko erabilitako motibazio juridikoaren bila aritu ziren “edozein jarduera edo izapidetarako ea benetan beharrezkoa zen” zehazteko.
Horri erantzunez, udal administrazioak ondorengoa azaldu zion: “Aurretiko hitzorduaren sistema derrigorrezkoa da, eta malgua, beti zitarik gabe artatzen baitira premiazko beharrak”. Arartekoak, baina, uste du administrazioak ez irizpide tekniko mahikoa eta herritarren iritzia ere adierazle dela aurrez hartu beharreko zita garrantzitsua den ala ez ebaluatzeko. Era berean, nabarmendu du “herritarrek ez luketela premia arrazoitzeko betebeharrik izan beharko”, administrazioaren aurrez aurreko arreta jaso dezaten.