Erosahalmena berreskuratzeko eskatu dute udal garbitzaileek lehen greba egunean
Donostiako Udaleko Gizatzen enpresako garbitzaileek astebeteko greba deialdiaren lehen greba egunari ekin diote gaur, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Greba honen helburua langile horiek jasaten duten soldata eskala bikoitza salatzea eta erosahalmena bermatzen duten igoerak eskatzea da.
ELA sindikatuak azaldu duenez, Donostiako Udalaren eraikinak garbitzen 180 pertsona inguruk egiten dute lan. Langile multzo bati enpresa mailako hitzarmena aplikatzen zaion bitartean, beste batzuei probintzia mailako Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Hitzarmena aplikatzen zaie, 2022an Gizatzen enpresa sartu zen unetik. “Greba deialdiaren helburua da langile guztiei enpresa mailako hitzarmena aplikatzea eta honekiko erosahalmena bermatzen duten igoerak izatea, ez baitute soldata igoerarik izan 2021. urtetik”, azaldu du ELAk. Aldi berean, Donostiako Udalari egoera honi konponbidea emateko “borondate eta baliabideak jartzea” eskatzen diote, egoera hau udalak finantzatutako zerbitzu publiko batean gertatzen ari delako.
Greba astearen testuinguruan, hainbat mobilizazio deitu dituzte ELA, CCOO eta ESK sindikatuek. Asteazkenean, maiatzak 15, goizeko 10:00ean manifestazioa egingo dute Martuteneko 27 poligonoan barrena enpresaren bulegoetara. Bestalde, mobilizazio astearekin amaitzeko, beste manifestazio bat deitu dute ostiralean, maiatzak 17, Donostiako erdigunetik udaletxeraino.