Ignacio Arakistain organistak kontzertua eskainiko du ostegunean, Andra Maria basilikan
Kontzertua ostegunean izango da, 19:00etan, eta sarrera librearekin.
Ignacio Arakistain organo jotzaileak Vienako formakuntza etengo du Euskal Herrian bi kontzertu eskaintzeko. Lehena Donostian izango da, Koruko Andre Mariaren Basilikako Cavaillé Coll organoan (1863). Berriki eraberritu dute instrumentua eta organogintza erromantikoaren adibiderik gorenetarikoa da, Arakistainen arabera.
Arakistainek Arnold Schönberg konposatzaile vienarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko probestuko du kontzertua: “Schönberg musikaren historian aurkitu dezakegun autorerik garrantzitsuenetarikoa da, abangoardiara salto egin baitzuen XX. mende hasieran, Vienako Bigarren Eskola deiturikoa sortuz”, azaldu du musikariak. Autorearen garrantziaz gain, organorako idatzitako “lan berezi hori” gutxitan interpretatu ohi dela nabarmendu du Arakistainek.
Ignacio Arakistain
Ignacio Arakistain (Azpeitia, 1998) pianista eta organistak organoko goi mailako ikasketak kalifikazio gorenarekin amaitu zituen Musikenen duela urtebete, eta geroztik masterra ikasten aritu da Vienan. Arakistainek Azpeitiko musika eskolan abiatu zuen musika ibilbidea, 8 urterekin, eta pianoa ikasten zebilela, Azpeitiko bandako zuzendari zen Jose Luis Frantzesenaren eskutik hasi zen organoa ikasten. Urte batzuk beranduago, 14 urterekin hasi zituen ikasketak Musikenen, egoitza Easo inguruan zegoen garaian, eta Esteban Landart irakasle zuela abiatu zituen goi mailako ikasketak.