Txillida omendu du oraingoan LKN artistak Donostiako kaleetan
LKN artista nafarrak beste obra bat egin berri du Parte Zaharrean, oraingoan Eduardo Txillida artista omenduz (Donostia, 1924-2002). San Eduardo deitu dio lanari, eta Mari eta Koruko Ama Birjinaren kaleen arteko izkinatik Urgullera igotzeko eskaileretako horman egin zuen larunbatean, Akerbeltz tabernaren ondoan. Txillidaren jaiotzaren mendeurrenaren bueltan egin du obra LKNk, eta artista ezagunaren arlo artistikoa eta futbolari gisa izandako iragana uztartzen ditu.
Bilintx kalean Amaia Montero abeslariaren omenez egindako lanarekin oso ezagun egin zen Donostian LKN, eta, hain zuzen ere, San Telmo museoan gorde dute Monteroren obra. LKNk stencil teknika erabili ohi du, hau da, paper gainean egiten du obra, eta paper hori kaleko paretetan itsasten du ondoren.