Europara joateko bidea trabatu zaio Realari
Bartzelonaren aurka galdu ondoren (2-0), sailkapeneko zazpigarren postuan daude txuri-urdinak.
Punturen bat batzea garrantzitsua zen arren, esku hutsik itzultzea aurreikuspenen artean zegoen. Realak galdu egin zuen atzo Montjuicen Bartzelonaren aurka (2-0), eta Europarako lehia zaildu zaio.
Partidako lehen 30 minutuak maila onean jokatu arren, txuri-urdinak ez ziren gai izan kataluniarren atea zulatzeko. Epaileak Beckerren gol bat baliogabetu zuen, jokoz kanpo adierazita, eta gisa bereko aukera onak sortu zituzten. Golik gabe, ordea, saririk ez dago, eta hori etxekoek lortu zuten. Lamine Yamal gazteak aurreratu zuen Bartzelona lehen zatia bukatu aurretik. Bigarren zatian, berriz, nahi eta ezin aritu zen Reala, eta Alex Remiro atezainak geldiketa paregabe ugari egin zituen. Luzapenean iritsi zen kataluniarren bigarren gola, Raphinhak sarturiko penalti baten bidez. Epaileak denbora asko behar izan zuen, VAR teknologiaz baliatuta, Odriozolaren penaltia adierazteko. Baloia eskuarekin ukitu zuen, ustekabean.
Betisek irabazi ostean, txuri-urdinak andaluziarren atzetik jarri dira, zazpigarren postuan. Konferentzia ligan aritzeko balioko luke horrek, baina Realak nahiago du Europa liga.
Hiru neurketa falta dira liga bukatzeko, eta bederatzi puntu daude jokoan. Txuri-urdinek Valentzia arerio zuzena —zortzigarren sailkatua— hartuko dute etxean, ostegunean (21:00). Realak Valentziak baino sei puntu gehiago ditu; beraz, donostiarrek irabaziz gero zazpigarren tokia ziurtatuta utziko dute. Azken aurreko jardunaldian, berriz, Betis beste arerio zuzenaren etxean jokatuko dute. Irabaziz gero, seigarren postuan bukatzeko urratsa egingo lukete txuri-urdinek. Azkenik, Atletico Madrilen kontra jokatuko dute ligako azken partida Anoetan, maiatzaren 25eko asteburuan.