Auskalo aisialdi taldeak bere lokalaren garrantzia aldarrikatu du, berehalako itxieraren aurrean
Azken 34 urteotan Auskalo aisialdi taldeak Antiguako elizaren azpian dagoen lokala bere jardueretarako baliatu du, gazteekin jarduerak eta talde dinamikak egiteko. Nolanahi ere, ezin izango du erabilerarekin jarraitu datozen urteetan. Sare sozialetan zabaldutako ohar bidez jakinarazi dutenez, Antiguako elizak arazo ekonomikoak ditu eta lokala alokatu behar du, eta beraz, auzokideen arteko harremanak sendotzeko erabili ohi den lokala galduko du Antiguak.
1990etik, bizilagunak elkartzeko jarduerak eta egitasmoak egin izan dira gune horretan: zinea, katekesia, elikagai bankuaren bilketa eta AEK-ko euskaltegia, besteak beste. Era berean, auzoko hainbat eragilek — Antigua Luberri abesbatzak, auzoko txistulari eta danborradek, eta Antiguotarrak dantza taldeak— entsegu lokal gisa erabiltzen izan ohi dute eremua, eta beste batzuek, berriz, gunea probestu dute materiala gordetzeko —Loretope buruhandien eta erraldoien konpartsa, kasu—.
Eragile horien guztien artean, Auskalo aisialdi taldearen presentzia izan da nabarmen eremu horretan, azken 34 urteotan. 12 eta 18 urte bitarteko auzoko gazteei aisialdi eskaintza irekia, anitza eta osasuntsua eskaini nahi izan diete, boluntario lanetan ibilitako kideek eta hiru hamarkadako ibilbidearen ostean, bere horretan jarraitzen dute, osasuntsu jarraitzen du taldearekin: 120 gaztek eman dute izena aurten. Jende multzo horren jarduerak egiteko, baina, lekurik gabe geratu dira, elizaren erabakiaren ondotik.
Talde dinamikak egiteko tokirik gabe, eta zalantzaz beteriko etorkizun baten aurrean, gotzaingintzarekin hitz egin dute Auskaloko kideek, baina ez dute erantzun argirik izan: “Diru kontuak medio, ez digute alternatibarik proposatu”, adierazi dute zabaldutako oharrean.
Elizaren proposamen faltan udaletxera jo dute, euren jarduerak egiteko leku bat eskatzeko asmotan. Baina udaletik ere, ez dute itxaropen mezurik jaso: “Auzoan lokal gutxi eta eskaera asko daude izan da oraingoz jaso dugun erantzun bakarra”. Gauzak horrela, sinadura bilketa bat egingo dute, “auzoko izaeraren eta historiaren parte den lokala galtzearen” aurkakotasuna adierazieta gune horrek auzoan duen garrantzia aldarrikatzeko.