Erdialdeko lur azpiko parking pribatuetan plazak gutxitzea proposatu du EH Bilduk
Udal gobernuak aurkezturiko Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) proiektua "berandu" datorrela deitoratu du udal taldeak.

EH Bilduk agerraldia egin du hiriko mugikortasuna hobetzeko proposamenak aurkezteko. Garbiñe Alkiza zinegotziak eta Juan Karlos Izagirre bozeramaileak eman dituzte xehetasunak. Hainbat neurriren berri eman dituzten arren, batez ere, bi nabarmendu dituzte: Erdialdeko lur azpiko parking pribatuetan plazak gutxitzea eta disuasio sare eraginkor bat jartzea.
“Lehenengo pausoa auto pribatuaren sarbidea hiriaren erdigunera gutxitzea izan behar da, eta horretarako alternatiba eraginkorrak eta kalitatezkoak eskaini behar dira”, azaldu dute. Horiek horrela, epe laburreko irtenbideak proposatu dituzte “uda kaotiko bat saihesteko”: “Berehala, disuasio aparkalekuak ahalbidetu behar dira, Illunbekoaren antzerakoa, garraio publikoarekin lotuz eta industrialdeak helburu berarekin aprobetxatzea”.
Lur azpiko parking pribatuak ere “oso aukera interesgarria” direla dio EH Bilduk. Grosen dagoen Txofre aparkalekua berehala publiko bihur daitekeela nabarmendu dute, eta Bulebarrekoarekin epe ertainera gauza bera egitea proposatu dute. “Erdialdeko beste parkingetan aplikatu daitekeen eredu hau, proba pilotu batekin aktibatu nahi dugu Bulebarrean bertakoentzat plazak berreskuratzeko eta bizikletentzako aparkalekuak eta logistika puntu bat prestatzeko”, adierazi dute.
Erabilerari dagokionez, EH Bilduren proposamena da aparkalekuetako errotazioko plazak gutxitzea eta plaza horiek bertakoentzat erabiltzea, bizikletentzako aparkaleku seguruak egitea eta logistikarako erabiltzea banaketa lanetarako.