EH Bilduk dio auzoetako eragileei udalak erraztu behar dizkiela baliabideak
Antiguako elkarte eta eragile batzuk lokalik gabe gelditzea "kezkagarria" iruditzen zaio udal taldeari.
EH Bilduk oharra plazaratu du Antiguako San Sebastian Martiriaren elizak hartu duen erabakiaren harira. “Antiguako elkarte eta eragileak beren jarduna garatu ahal izateko lokalik gabe geldituko dira eta egoera kezkaz bizi dugu”, azaldu dute. Hain zuzen ere, elizak arazo ekonomikoak ditu eta lokala alokatzea erabaki du. Horrela, auzoko elkarte eta eragileak lokal hori gabe geratuko dira.
Auskalo aisialdi taldea da azken urteotan eliza azpiko lokala gehien erabili duena. Udalari ordezko leku bat eskatu diote, baina momentuz ez dute erantzunik jaso. “Udal gobernuak auzoari emandako erantzunarekin ez gara konformatzen. Auzoan lokal gutxi eta eskaera asko daudela esan diete. Lokal gutxi badaude, eta eskaera asko, egin al du auziaren inguruko hausnarketa eta plangintzarik?”, deitoratu du EH Bilduk.
Horiek horrela, elkarte eta eragileek euren jarduna auzoan egiteko baliabideak erraztea udalaren ardura dela dio EH Bilduk: “Auzoan bizi eta jarduten duten elkarte eta eragileei auzoan bertan eman behar zaie espazioa. Azken urteotan udal politikek auzoaren merkantilizazioan arreta jarri duten bitartean, komunitatearen beharrei nekez erreparatu die”.