Gotzaindegiak dio Auskalo aisialdi taldeak erabiltzen duen lokalari «irtenbide berri bat emateko premia» duela
Antiguako Auskalo aisialdi taldeak azken egunotan jakinarazi du 34 urtez erabili duen lokala galtzear dela, Elizarena delako eta haren arazo ekonomikoak direla eta, alokairuan jarriko duelako. Horren aurrean, komunikatu bat plazaratu du Donostiako Gotzaindegiak, eta nabarmendu du lokalari “irtenbide berri bat emateko premia” duela: “2019az geroztik, San Sebastian Martiriaren parrokiak, eraikinaren esku hartze lan handi batzuei aurre egin behar izan die, 600.000 euroko zorra eragin dizkiolarik. Egindako obraz gain, parrokia eraikinak, bere egituran, inbertsio ekonomiko handia behar du oraindik ere. San Sebastian Martiriaren komunitate kristauak, gaur egun, fededunen eskuzabaltasunari esker, ahalegin handiz egiten die aurre bere gastu arruntei, baina bankuarekiko zorra kitatzeko, parrokiak, Gotzaindegira jo zuen konponbide baten bila”.
Horrela, Gotzaindegiak azaldu du duela bi urte adierazi ziola aisialdi taldeari lokal hori utzi egin beharko zuela: “Denbora zentzudun batean, bere jarduerak aurrera eraman ahal izateko beste lokal batzuetan egin beharko zituela jakinarazi zitzaion, parrokiak etorkizunean lokal horiek erabili beharko baitzituen. Taldeak, parrokiaren eskuzabaltasuna eskertu zuen, eta baita jakinarazpena ere, alternatibak bilatzeko nahikoa denbora ematen zielako”.
Gotzaindegiak gaineratu duenez, “Elizako erakunde guztien betebeharra da beraien ondarea ondo kudeatzea, eta, ahal den neurrian, haien iraunkortasuna bermatzea beraien misioa gauzatze aldera. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, komunitate kristauak, erantzukizunei aurre egiteko, Elizaren balio eta misio pastoralean oinarrituz, bere lokalei irtenbide berri bat emateko premia du”.
Bestalde, Gotzaindegiak gogorarazi nahi izan du Auskalo komunitate kristautik atera zela duela urte batzuk: “Orain hamabi urte, duela 30 urte jaiotako Auskalo kristau aisialdiko parrokia taldeak, San Sebastian Martiriaren parrokiatik aldentzea erabaki zuen, horretarako estatutuak aldatuz. Denbora zen talde honen eliz deslotura lantzen ari zela. Erabakiak, komunitate kristauan min apur bat eragin bazuen ere, berau, kontzienteki eta borondatez hartu zuten bere partaideek. Harrezkero, auzotar askok eta askok, urte hauetan guztietan zehar parrokiako lokalak erabat doan lagatzea eskertu dute. Parrokiako komunitate kristauak, aisialdi taldeak ordudanik egin duen gizarte eta hezkuntza lana aitortuz, lokalen gastuei ekonomikoki eskuzabaltasunez aurre egiten jarraitu du ahal izan duen bitartean”.
Auskaloz gain, auzoko eragile askok eta askok erabiltzen dute lokal hori, eta, beraz, galera esanguratsua izango da auzoarentzat. Hori dela eta, sinadura bilketa abiatu dute aisialdi taldekoek, udalari eskatzeko alternatiba bat eskaini diezaiela; Internet bidez zein aurrez aurre sinatu daiteke, larunbatean (hilak 18), 11:00etan, elizako plazan.