Nakba oroitzeko martxa egin dute Donostian
Nakba oroitzeko martxa, Donostian. Haizea Solagurenbeaskoa Euskal Herriko BDZ mugimenduak Nakbaren (Palestinako exodoa) 76. urteurrena oroitzeko mobilizazioak antolatu zituen atzo Palestina askatzeko eskatuz, Israeli Boikota! leloarekin. Donostian, Bulebarretik abiatu zen martxa, 19:00etan. Horren aurretik, 18:30ean, Transmaribibolloen kontzentrazioa izan zen pinkwashing-a salatzeko, eta bertan parte hartu zutenak BDZren manifestaziora batu ziren jarraian. Halaber, goizeko zazpietan, pinkwashing-a salatzeko bide mozketa egin zuten Infernuan, eta, azaldu dutenez, Ertzaintzak lau pertsona identifikatu eta bat atxilotu zuen; ondoren, atxilotua aske gelditu zen.
Manifestazioan zehar geldialdiak egin zituzten Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren eta multinazionalen aurrean, hala nola Starbucks, McDonalds eta Burger King. Handik, manifestariek “sionismoaren aurpegia garbitzean konplizitatea” salatu zuten. Manifestazioan zehar, manifestari bat identifikatu zuen Ertzaintzak.
Euskal Herriko BDZ mugimenduak honakoa gogorarazi zuen: “Nakba ez zen une konkretu bat izan historian; gaur egun, Israelgo kolonizazioak okupazio, kolonizazio, garbiketa etniko eta apartheidarekin jarraitzen du. Azken zazpi hilabeteetan 33.000 palestinar baino gehiago hil dituzte Gazan eta 466 baino gehiago Zisjordanian. Gazan, biztanleen %75 baino gehiago joan behar izan da, eta errefuxiatu bihurtu da, berriz ere, lurralde okupatuetatik zetorren biztanleria”.


