Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu Uliazpiko lan deialdiaren aurkako sententziari jarritako helegitea
Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu Uliazpi Fundazioko lan deialdiaren aurkako sententzia euskarafoboari Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako kasazio helegitea. Iazko otsailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpiko 34 zaintzaileren lan deialdian eskatzen zen euskararen oinarrizko ezagutzaren eskakizuna baliogabetu zuen. 34 jorietatik 32tan euskararen oinarrizko ezagutza eskatzen zen —2. hizkuntza eskakizuna, B2 titulua—.
Fundazioaren xedea, “egungo langileen ezagutza tasa normalizaziora gerturatzea eta erabiltzaileen eskubideak bermatzea” da, eta Euskalgintzaren Kontseiluak, orduan, ohar baten bitartez argi utzi du sententzia honek “milaka herritarren hizkuntza eskubideak, instituzioen hizkuntza berdintasunerantzago lana eta herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea hankaz gora” jartzen dituela. Idurre Eskisabel Larrañaga Kontseiluko idazkari nagusiak “euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialak aurrera segitzen duela” ohartarazi du eta “eraso hauei aurre egitea tresnak aldatu gabe zaila dela” mahai gaineratu du, baita ere.
Iaz, Euskalgintzaren Kontseilua ez zen bakarra egoera larritzat jo zuena; izan ere, Fundazioko langile batzordeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita ere, sententzia salatu zuten. “Jendarteko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratzen” direla eta “zaintza behar bezala jasotzeko hizkuntza zeinen erabakigarria den” adierazi zuten langileek.
Halaber, 2023ko martxoan Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak azaldu zuen Uliazpik berak 2022ko plangintzan onartu zuela “hainbat eremutan hizkuntza kudeaketa hobetzeko beharra zuela eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharra” zutela.