Groseko Udaberri Gorriak martxan jarri du auzoa
Groseko Hondarpe auzo elkarteak Udaberri Gorriak proiektuarekin martxa hartu du urte honetan eta hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainera arte. Proiektu autogestionatu honen bitartez, auzotarrek “lurrak astindu” nahi izan dituzte, indarrez saretuz auzoa.
Inauteriekin hasi zuten aurtengo ibilbidea eta espekulatzaileen eta BCC makroproiektuaren arduradunen kontrako ekimena bihurtu zuten Mielotxin lapurra erretzearekin batera, “elkarrekin dantzan”. Auzoa bizirik dagoela nabarmentzen dute eta Korrika horren adibidea dela argi dute. Auzoko Euskara Batzordeak hainbat ekimen antolatu zituen eta Korrika auzotik pasa zen eguna “gogoangarri” zela azpimarratzen dute, “auzo euskaldunaren defentsan beste urrats bat emanez”.
Hala, gazte berrien inplikazioa mahai gaineratu izan dute eta Zipotz jaietan lan honen emaitzak aurreikusten dituzte. Gainera, Presoak Kalera Gros, baita ere, etengabeko ariketan dihardu eta auzotarrek, Saretxerekin batera, “garaipenak eskuratu dizute funts putreen erasoaren aurrean.
Horregatik guztiagatik eta “eguneroko lan honetan ikasiz”, aurtengo Udaberri Gorriko programan auzoaren inguruko ikuspegi zabala eskuratu nahi izan dute, lanean diren eragileen bidez. Horretarako, maiatzean eta ekainean hainbat ekitaldi antolatu dituzte: gaurkoan, plaza dantza ikastaroa antolatu dute 19:30ean Zuhaizti eskolan eta 21ean, Ganbiaz elkarrizketa antolatu dute, 19:00etan, Groseko Hondarpe auzo elkartean bertan. Ismaila, jatorriz Ganbiakoa den auzokideak bere herriaren berri emango du eta hemen izan dituen bizipenak elkarbanatuko ditu.
Ekaineko hilabetean, baita ere, auzoak hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango du: 8an, kartelada ibiltaria, elkartasun agurra eta pintxo txotx-a antolatu dute Max tabernan. Ekainaren 10ean, Kapitalismoa eta lurraldea: energia berriztagarrien auzia mahai ingurua antolatu dute Okendo Kultur Etxean (18:30), Alberto Friasekin (ingurumen abokatua) eta Euskal Herria Bizirik egitasmoko eta Añargi Añorgako komunitate energetikoko kideekin. Bestalde, 17an, Auzoa ezagutuz auzoa eraldatu aurkezpena antolatu dute Okendo Kultur Etxean. Auzoko etxebizitzaren egoeraren inguruko ikerketa egin dute Haritik Hirira geografo taldea osatzen duten Jon Maciasek eta Josu del Campok, eta hori aurkeztuko dute, 18:30ean. Udaberriari amaiera goxoa emateko, solstizio jaia ospatuko dute, Saguesen, 23an.