Piztu
Argazkiari erreparatu eta zuzeneko konexioa egin dut nerabe nintzeneko kanta leun batekin: Ken Zazpiren Gaueko argiak. Nire malenkonian eta nerabe guztien intentsitate hormonalen jarioan, «jakin nahi nuke argiak pizten/jakin nahi nuke nola pizten diren» kantatzen nuen Elorrietaren antzera eta Elorrietarekin batera.
Luze pentsatzeko aukera eman zidan abestiaren letra honek. Egun, bueltaka jarraitzen dut ideia horrekin, baina Donostiako kaleetan eta faroletan baino, kale metaforiko eta bizitzaren momentu izugarrietan eta ilunenetan kokatzen dut kanta, 15 urteko intentsitate berdinarekin. Evidentemente.
Izan ere, ilunaldietan leporaino sartuta gaudenean, bidearen amaiera —eta askotan hasiera— garden eta garbi ikustea ez da kontu makala izaten. Gehienetan, ez dakigu nondik hasi zapaltzen. Eta orduan ibiltzen gara galdetzen geure buruari nola egin hortik ateratzeko, nola ihes egin gurea den minetik.
Ba, tira, argazki honek pista eman digu. Piztu argiak: laguntza eskatu, ondokoen babesa jaso eta utzi denborari bere lana egiten.
Besarkada argitsua ilunaldian dagoenari.