Giro ederrean abiatu dituzte Morlansko jaiak
Faroltxoa piztu eta txupina botatzearekin batera lehertu da festa Morlans auzoan. Txokolate jana eta mago baten ikuskizuna izan zuten aurretik, eta trikiti eta panderoarekin auzoko kaleak girotu zituzten motorrak berotzeko. Nolanahi ere, jaietako une garrantzitsuena 18:30ean iritsi ziren, orduan auzoko talde feministak piztu baitzuten faroltxoaren argia.
Jaiak lehertu ostean, diskofesta, sardina jana eta DJez gozatzeko aukera izan zuten, Morlanseraino bertaratu zirenek. Giro pareagabean, goizeko ordu txikiak arte luzatu ziren dantzak. Oraindik, baina, festak luze joko du, bihar arratsaldera arte izango baita gorputza astintzeko aukera. Ohi moduan, rock kontzertuak antolatu dituzte gaur gauerako: Jhon Dealer & Coconuts, Stupid Fucking People eta Hyronika taldealk igoko dira oholtzara eta horren ostean, txosnako musikarekin jarraituko dute festa giroa.