Legacy of the Seas donostiarrek 'Nuestra voz' abestia aurreratu du
Donostian bada heavy metal sinfonikoa eta fantasiazko istorioak uztartzen dituen talde bat: Legacy of the Seas. Duela hamalau urte elkartu ziren, baina gorabehera asko tarteko, ez dute ibilbide erraza izan.
Azkenik, ordea, lehendabiziko diskoa argitaratuko dute laster. Leyendas de una Eternidad izango da izenburua, Bergarako ESnSE estudioetan grabatu dute, eta Nuestra voz da aurrerapen kanta.
Legacy of the Seas 2010ean sortu zen Legacy izenarekin, lagunartean fantasiazko gaiak power metalarekin, metal sinfonikoarekin eta folkarekin uztartzeko. Askotariko oztopoak izan zituzten taldearekin aurrera egiteko (ikasketak, atzerriko egonaldiak eta bi kideren heriotza), eta hiru arotan bereizi behar da euren ibilbidea: 2010etik 2014ra, 2016tik 2017ra eta 2020etik gaur egun arte. 2023ko otsailean bi abestiz osaturiko Eternidad maketa digitala sareratu zuten Legacy izenpean. Ordea, EP gisa berrargitaratu zuten urte bereko ekainean, abesti eta osagarri gehiagorekin.
Gaur egun, laukotea Laura (ahotsa), Julen (teklatua), Alex (gitarra eta baxua) eta Juanpe (bateria) musikariek osatzen dute.