Orixe ikastolaren aurrealdea zaharberritzeko lanak azaroan hasiko dira
Parte Zaharreko Orixe ikastola. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Orixeren beheko eskolaren fatxada nagusia zaharberritzeko lanen kontratazio espedientea biharko tokiko gobernu batzarrean onartzea aurreikusten dute. Lizitazioaren aurrekontua 376.187 eurokoa da eta lanak azaroan hasiko dira. Obrak egiteko epea sei hilabetekoa da; beraz, dena programatuta dagoen bezala badoa, zaharberritze prozesua 2024-25 ikasturtea bukaeran amaituko da.
Aurrealdeko harrien kontserbazio egoera kezkagarria da udalaren arabera, harrietako harea etengabe erortzen ari baita. Erorketa horiek Aldamar kalerako aurrealdeari eragiten diote batik bat, baina eraikinaren alde guztietan ari da ematen, Juantxo Marrero Hiri Proiektuetako zinegotziak El Diario Vasco egunkariari baieztatu dionez.
2007an erabateko zaharberritzea egin bazen ere, fatxadako arazoek bere horretan jarraitu dute, Aldamar kalearen eta Zuloaga plazaren artean dagoen eraikinean. Haur Hezkuntzako (2, 3, 4 eta 5 urteko gelak) eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak ditu eraikin horrek eta udalak segurtasun sareak jarri behar izan ditu, aurrealdeetako elementuak bide publikora ez erortzeko.

